Esprintean irabazi du Cyril Barthek Antzuola Saria

Mireia Bikuña 2017ko uzt. 9a, 13:37

Azken bost kilometroetan osatu den taldeko ziklistak baino azkarragoa izan da Fundacion Euskadi taldekoa. 2.54.26 izan da bere denbora. Bereziki, lehia estua izan du Eiser-Horumet taldeko Nicolas Saenekin. Mikel Leteren omenezko 25. probako mendiko saria Txomin Juaristin irabazi du eta talderik onena Fundacion Euskadi izan da.

Oñatiraino joan-etorria egin dute bi aldiz amateur mailako ziklistak. Ostean, Deskargako bidea hartu dute, eta, hirugarren aldiz Oñati pasa ostean, Bergaran sartu, eta Angiozar aldera hartu dute eguneko bigarren mendatea igotzeko: Asentzio. Kanpazarretik jaitsi eta Elorregitik Antzuolara hartu dute, helmugara iristeko. 130 kilometro eta tropela ez da geldi egon. "Hainbat ihesaldi saiakera egon dira. Tropela apurtuta joan da denbora gehienean. Hainbat multzo sortu dira ibilbidean zehar, eta, zorionez, ni neu talde onean egon naiz", esan du irabazleak saria jaso ostean.

Labegaraietako biribilgunean, Antzuolarako bidea hartu dutenean, aurrean zeuden ziklisten artean erabaki da etapa. Barthe indartsu heldu da azken metroetara. "Esprinta da nire ezaugarri onena. Banekien gai izango nintzela. Indarrez ere ondo heldu naiz". Dena den, azken pedalkadara arte ezin izan du besoak altxatu.

Mikel Arregi, antzuolar onena

Gaurko ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen du Mikel Arregi antzuolarrak. Bera izan da herriko ziklista onena eta horregatik jaso du garaikurra. Ibilbidea ezagutzea abantaila den edo ez galdetuta, hauxe, bere erantzuna: "indarrak lagundu ezkero, abantaila da. Nik gaur, sufritu egin dut Deskarga igotzen. Ordurako asko igo da tenperatura eta kalte egin dit. Aurretik, 30eko tropelean sartu naiz".

Sailkapena

Hauxe da Lehendakari txapelketarako puntuagarri izan den probaren sailkapena:

  1. Cyril Barthe (Fundacion Euskadi) 2.54.26
  2. Nicolas Saenz (Eiser-Hirumet) 2.54.26
  3. Txomin Juaristi (Baque-BH Team) 2.54.26
  4. Mauricio Moreira (Caja Rural) 2.54.26
  5. Carlos Ruiz (Lizarte) 2.54.26
  6. Fernando Barcelo (Fundacion Euskadi) 2.54.26
  7. Jon Agirre (Grupo Eulen) 2.54.51
  8. Dorian Aramendi (Fundacion Euskadi) 2.55.03
  9. Iker Ballarin (Quick Step) 2.55.03
  10. Jon Magariaga (Grupo Eulen) 2.55.30

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak