Peña Ayastui memoriala egingo dute domekan Antzuolan, eta hor ziklistek 130 kilometrotako lasterketa izango dute aurrean. Txirrindulariak 09:30ean hasiko dira lanean, eta Asentzioko eta Deskargako gainak gainditu ostean 13:00ak aldera iritsiko dira helmugara, Antzuolako plazara. Iaz Baque taldeko Txomin Juaristi izan zen plazako zuzenean egindako esprintean azkarrena.
Arrasate Saria, arratsaldean
Domeka arratsaldean (16:00etan, garibain) egingo dute Dorletako Amakoen eskutik kadete mailako 2. Arrasate Saria. Ziklistek 65 kilometrotako lasterketa izango dute, eta ibilbidea iazkoaren berdina izango da: Arrasatetik Oñatiraino joango dira lehenengo, eta handik Eskoriatzara. Olandixoko tunela erabilita Aramaiora joango dira, eta Arrasatera bueltan Kanpanzarreruntz hartuko dute, Sara jatetxe parean Epelera jaitsi eta helmugarako bidea hartzeko, Garibaiko zuzenera (17:40).