Urte hauetako balorazioa zein izan da? Gogorra izan da?
Beti esaten dudan moduan jende askori esker aurrera doan proiektua da AKE. Zentzu horretan laguntasun asko izan dugu batzordekideok eta oso balorazio positiboa egiten dut. Hala ere, pertsonalki urte gogorrak izan dira: ordu asko eta intentsitate handikoak eta familian izan ditudan gorabeherekin uztartu behar. Hala ere, oso gustura ibili naiz.
Bazkide kopurua igo egin da?
Bazkide kopurua 300 bazkide inguruan egon da egonkortuta azken urteetan. Aurten, hein handi batean futbol eskolari esker, 358 bazkidera heldu gara. Honek erakusten du herrian zeharo errotua dagoela AKE.
Kirolaz gain, garrantzia handia eman diozue euskarari ere.
AKE euskaraz bizi den taldea da: komunikazio osoa, entrenamenduak, ekintzak… euskaraz egiten dira. Euskararekiko konpromiso osoa daukagu.
Futbol eskola harremanak egiteko eta komunikazioa indartzeko bide ere izan da, ezta?
Futbolaren inguruan dauden lan esparru ezberdinak landuz helburu batzuk lortu nahi ditu AKEko futbol eskolak. Gaztetxoei harremanak egiteko erraztasunak ematea eta guztien partaidetza sustatzea gura izan dugu. Baita ere Antzuolan dugun haurren kirol partaidetza altuari eustea ere; adin horretan inork gaitasun ezaren sentipenik izan dezan saihestea ere gura izan dugu; eta nola ez, bizi ohitura osasungarriak sustatzea etorkizunean bizi estilo aktiboak eta aisialdirako ohitura positiboak har ditzaten. Aniztasuna eta talde lana bultzatzea ere gura dugu, bai harreman aldetik, baita genero aldetik ere. Baita norberaren gaitasun bereziak sustatzea eta, honekin, norberari buruzko iritzia osatzen laguntzea ere. Izan ere, helburuak asko dira: errespetua, norberaren erantzukizuna sustatzea, euskararen erabilera indartzea... Lehen urtea izateko oso balorazio positiboa egin dugu. Baina hori baino askoz hobea da guraso eta jokalariengandik jaso duguna. Denboraldi borobila izan da futbol eskolakoa.
Neskek ere futbolean jokatzeko bidea zabaltzen du eskolak.
Azken urteetan, asko kostata eta sei urte ezberdinetako neskekin kadete mailako taldea ateratzea lortu da. Baina iaz ez zen posible izan. Hiruk Eibarren eta beste bostek Bergaran jokatu dute. Honi buelta eman eta gazte-gaztetatik futbolean aritzeko aukera eman nahi diegu Antzuolako neskei. Futbol eskolan 16 neska aritu dira aurten.
Zein proiektu dituzue orain?
2018ko udazkenean AKEk 25 urte beteko ditu. Urteurrenerako lanak aurreratzen joateko batzarrera proposamen zehatz bat eramango dugu gaur arratsaldean. 1993tik gaurdaino egindako ibilbidea dokumentatzea, alegia. Izan ere, idatziz ez dago gauza handirik jasota eta lan sakona egiteko asmoa daukagu.
Nork hartuko du erreleboa?
Ibon Gezalaga izango da presidente berria. Batzordean urtebete egin du eta eskarmentua badu; badaki erronkak zeintzuk diren gainera.
Zein erronka dituzue bada?
AKEk hartu duen dimentsioa dela-eta, kirol mailan, estruktura teknikoa sendotu beharra dago. Jokalari pila bat dauzkagu eta herrian entrenatzaileak aurkitzeko arazoak ditugu. Beraz, bi bide landu behar dira: batetik entrenatzaileen formazioarekin jarraitu beharra dago. Aurten, hiru gaztek federazioak antolatutako entrenatzaile ikastaroa egin dute. Bestetik, talde guztietan AKEko eredua bultzatu eta lotura lanak egingo dituen zuzendaritza teknikoaren beharraren inguruan hausnarketa eta eztabaida sortu beharra dago. Gainera, Eztalako futbol zelaian inbertsioak egitea beharrezkoak da. Lehentasun osoa aldagelak izan behar dute baina, harmailak ere beharrezkoak dira; izan ere, Eztala neguan gogorra da-eta. Azken urteetan autobidearen lanak zeharo baldintzatu dute Eztalan egin zitezkeen lanak. Obrak bukatu bezain laster Eztalan aldagela berriak egin behar dira; bi bakarrik ditugu eta oso egoera kaxkarrean daude. Futbol eskolako jardunaldi batzuetan 10-12 talde izan ditugu –neska eta mutikoen taldeak–; bi aldagelekin horri erantzun egokia ematea ez da posible izan. Beraz, behin betiko irtenbidea heldu bitartean, aldagela edukitzearen beharrari erantzuna eman beharra daukagu Antzuolako Udalaren eskutik.
Diru sarrerarik espero duzue? Zein da egoera ekonomikoa?
Ekonomikoki AKE egonkortuta dago. Denboraldia parra bukatuko dugu eta datorren urterako bermeak ere baditugu. Aurten Realarekin hitzarmena berritu dugu eta honek diru sarreran igoera ekarri du gainera.
Zuzendaritza goitik behera berrituko da?
AKEn aldaketak urtero egiten dira baina modu zatikatuan. Orain hamabitik lau kide berrituko dira. Tartean, esan bezala presidente berria aukeratuko da: Ibon Gezalaga.