"Pikunietak errapetik ontziratutako gaztak, Bidaurrek zuhaitzetatik mahaira ateratako fruituak, Lapatza eta Irala-torreko barazki sorten aniztasuna, Gorlako larreetatik Irumendiren txahal-haragia… Mox, Larrea, Gorosti, Aitz-garbi, Arin, Martin, Surpe, Ongi-etorri, Gailur eta Koxkor tabernatan banatuko dituzte pintxoak", azaldu du Landa Garapeneko teknikari Miren Oiangurenek.
"Tabernariei esker Antzuolako gastronomia eta produktuen kalitateen bikaintasuna probatzeko aukera paregabea izango dugu. Bide batez baserritarren eta kontsumitzaileen arteko zubiak eraikiz herri bizi eta nekazaritza ingurune iraunkor baten alde lanean ari gara. Eta batez ere herriko dendak lagunduz eta salmenta zuzena bultzatuz, herrian ekonomia zirkularraren alde egina dugun apustuan aurrerapausoak eman nahi ditugu. Pintxo-poteoa trikitilariz eta panderoz alaitua izango denez ilunkara aparta pasatzea espero dugu".