2 eta 12 urte bitarteko 70 haur eta gazteek gogoz astindu zituzten danborrak kale nagusia zeharkatu ondoren herriko plazan borobildu zuten ibilbidea. Guraso, lagun eta, orokorrean, herritar asko batu zen espaloietan danbor-joleei txalo egin eta argazkiak ateratzeko.
Herriko plazara helduta, San Juan bezperako ekitaldiek hartu zuten lekukoa. Zuhaitza jarri zuten eta haren inguruan egin zuten Oñarin dantza taldekoek soka-dantza. Ondoren, dantzariak, txistulariak eta plazan batutako guztiak elkarrekin joan ziren herriko afariaren aurretik, dantza-poteora.