Aurtengo Kalebarrengo festak San Juan bezperako festaren eskutik datoz. Hala, gaur emango zaie hasiera Kalebarrengo festei haurren danborradarekin, 19:30ean. Ondoren, plazan, arbola jasoko dute eta 21:00etan herri afaria egingo da. Sua piztu ostean, San Juan zortzikoa dantzatuko dute Oinarineko dantzariek; dantza herrikoiagoa ere izango da nahi duten guztiek dantzatzeko. 23:00etan Patxi Luque antzuolarraren zuzeneko emanaldia izango da Zurrategin.
Sagar dantza, zapatuan
Mural kooperatiboa egingo dute zapatu goizean 11:00etan hasita eta ondoren, ginkana Peña Aiastuiren eskutik. Arratsaldeko lau t'erdietan haurrendako jolasak izango dira Idolaz aisialdi taldearen eskutik. Baita mus txapelketa ere 16:00etan hasita. Buruhandiak, berriz, 18:00etan irtengo dira. Iluntzean Arbola jasotzea egingo da Ondarreko gaiteroekin. 20:30ean, Aldats elektrotxarangak girotuko du iluntzea; ondoren afaria egingo da Zurrategin. Afalostean Trikimailu taldearekin dantza egiteko aukera izango da; eta gauerdian herriko bikoteek sagar dantza tradizionala egingo dute.
Domekan, aldiz, goiza txistularien goiz-eresiak abiatuko du. Ondoren meza egingo da eta salda eta txorizoa banatuko dute Kalebarrenen. 12:00etan dantzari gazteek emanaldia egingo dute. 18:00etan, Kiki eta Koko pailazoen eskutik, Katapun txispun haurrendako ikuskizuna izango da.