EH Bilduk jardueraren eta etorkizunaren inguruko gogoeta egin du

Maider Arregi 2017ko eka. 9a, 12:53

Atzo arratsaldean, Beñardo Kortabarria eta Juan Karlos Izagirreren eskutik, Antzuolako EH Bilduren etorkizunaren inguruko gogoetaz jardun zuten Zurrategi plazan. Berrogeita hamar lagun inguru batu ziren solasaldian. "Alderdiari baino pertsonei garrantzia gehiago ematea gura diogu", azaldu zuen Izagirrek.

Badira sei hilabete, Antzuolako EH Bilduk jarduera eta etorkizunaren inguruko gogoeta hasi zuela. Bidean, hainbat bilera eta batzar egin dituzte aipatutako helburua lortu ahal izateko. "Etxeko lanak ondo bukaturik, kurtso berriari begirako oinarri eta balore sendoak ezarri ditugu: aniztasun eta parte-hartzea oinarri, herri eraikuntzan sakonduko dugu. Antzuolari begirako agenda propio eta publikoa definituz. Bien bitartean, nazio mailan, EH Bildu fase berri baterako prestaketa lanean dihardu. Alderdi ezberdinek osatutako koalizio izatetik, bizitza propioa izango duen subjektu politiko izatera pasatuko da. Eragile eta pertsona orori zabaltzen den bilgune izateko asmoz", azaldu dute Antzuolako EH Bilduko kideek.

Solasaldia

Zurrategi plazan egindako solasaldian, besteak beste, Juan Karlos Izagirrek azpimarratu zuen pertsonak direla alderdiaren ardatza: "Fase berri honetan, alderdiari baino, pertsonei eman gura diegu garrantzia; EH Bildu jaio zen leku irekia izateko eta estruktura propioak izango ditu arazoak antzematen direnean erantzunak berehala emateko".

Era berean, Beñardo Kortabarriak, Antzuolako alkateak, azaldu zuen urte osoan egindako lana jendaurrean azaldu gura izan zutela atzo: "Nola jardun eta antolatu behar garen erabakita daukagu: udazkenetik aurrera ongizatearen gaineko lanketa egingo dugu; parte hartze prozesua martxan jarriko dugu eta denon artean erabakitzea izango da helburua. Nahi duguna da ahalik eta herritar gehien gurera hurbiltzea eta parte hartzea herria izan dadin herritarrak nahi dutena".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak