Herriko neska mutikoei zuzendutako aisialdi talde berria sortu dute Antzuolan: Idolaz Aisialdi Taldea. Asteburuan ospatu den San Isidro azokaren bueltan egin dute herrira zabaldutako lehen ekintza, eta aurrerantzean ere 6 eta 12 urte bitarteko neska mutilei zuzendutako jarduerak antolatzen jarraitzeko asmoa dute.
"Umeen aisialdiaren arloan herrian behar bat badagoela uste dugu, eta horri erantzun nahian sortu dugu taldea", azaldu du Idolaz elkarteko kideetako batek, Nagore Igartzak. Hala, hezkuntza arloarekin zerikusia duten ikasketak egin dituzten gazte talde bat elkartu eta proiektua Udalari aurkeztu zioten. Bada, Udalak onartu egin du proposamena, eta Olaranen lokal bat laga diete euren jarduna aurrera eramateko.
Igartzak azaldu duenez, batez ere asteburuetako aisialdi eskaintza landuko dute taldean.: "Guraso batzordearekin berbetan egon ginen, eta azaldu ziguten ume askok aste barruan eskolaz kanpoko hainbat ekintza izaten zituztela; hortaz, hilean pare bat asteburutan aisialdiarekin lotutako ekintzak antolatzea da gure asmoa".
Taldetik azpimarratu dute eurek antolatutako ekintzetan herriko gainontzeko talde eta elkarteekin elkarlanean aritzea nahi dutela. Horren helburua "umeak elkarlanera bideratzea" eta "elkartea bera herrira zabaltzea" omen da.
Hezitzaileen talde finko bat arituko da aisialdi eskaintza antolatu eta koordinatzen, baina ekintzetan "kanpo laguntza" ere izatea gustatuko litzaieke.
Taldearekin harremanetan jartzeko bideak ere eman dituzte jakitera: idolazantzuola@gmail.com da euren e-posta helbidea, eta Facebooken ere orrialde bat zabaldu dute: Idolaz aisialdi taldea.
Informazio bilera martitzenean
Idolaz aisialdi taldeak 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoen gurasoei zuzendutako informazio bilera irekia egingo du martitzenean, hilak 30, taldearen jardunaren nondik norakoak zehatzago azaldu eta harpidetzaren inguruko informazioa luzatzeko. 18:30ean izango da bilera hori, Olaran Etxean.