Irumendik herritarrekin partekatu ditu bere 50 urteak

Imanol Gallego 2017ko mai. 6a, 19:50
Herritar ugarik bat egin zuten Irudimendiren urteurrenarekin.

Mende erdi ez da egunero betetzen, eta Irumendi elkarteak, kooperatibaren bilakaera herrikideekin konpartituz ospatu du data borobila. Eguna hitzaldi batekin hasi dute, eta ondoren, 140 bat lagunek, elkartearen belardi eta ustiategiak ezagutzeko aukera izan dute.

1967. urtean Irumendi abeltzain elkartea sortu zuten bederatzi baserritarrek, urrun ikusten zuten urteurren hau, baina hamaika istorio eta hainbat aldaketen ostean, iritsi da mende ospatzeko eguna. Irumendik, bere ibilbidea antzuolarrekin konpartitu gura izan du, eta horretarako, hitzaldi batekin ekin diote zapatuari. Torresoroako areto nagusian elkarte beraren historia laburbiltzeaz gain, abeltzaintzak izandako bilakaera ere azaldu diete entzuleei.

Teoriaren ostean baina, praktikaren txanda iritsi da. 140 bat lagunekin batera, Irudimendiko kideek elkartearen belardi eta instalazioak bisitatu dituzte. Horretako Loidiko, Itxumendiko, Errezeñotegiko eta Gorlazuriko larreetatik mendi buelta egin dute, ibilbidean zehar gainera,  Galartzako eta Elosuako ustiategiak ere bisitatu dituzte.

Eguna, nola ez, mahaiaren bueltan borobildu dute. Txangora joandakoak Gorla mendi elkartean batu, eta bazkari batekin ospatu baitituzte 50 urte hauek, eta etorriko direnak. 

Argilunez beteriko etorkizuna

Irumendikoek diote eurei gauzak orokorrean nahiko ondo joan zaizkiela, eta erreleboa topatzeari ere ez diote aparteko arazorik ikusten. Izan ere, haiek jadanik badituzte belardiak, tresnak eta baliabideak, eta, hortaz, gazteak egin behar duen hasierako inbertsioa askoz ere txikiagoa da norbere ustiategia muntatzearekin alderatuta.

Dena den, Irumendikoek ez dute ukatzen etorkizunera begira badutela kezkaren bat edo beste. Abeltzaintzak duen laguntzen mendekotasunak eta okelaren kontsumoak behera egin izanak, esaterako, kezkatzen ditu elkarteko kideak. Peio Legorburu abeltzainaren ustez, ganaduaren gaitzak eta animalia basatien gainpopulazioa ere aurre egin beharreko erronken artean daude.

Hurrengo erronka, belardiak bermatzea

Abeltzaintzara dedikatzen den elkarte bat izanda, Irumendiko kideek, 50 urte hauetan, esfortzu handia egin behar izan dute larreak dauden egoeran mantentzeko. Animalien elikagai den belarra zaindu eta lurraren osasuna bermatzeko, errotazio sistema erabili dute. Etorkizunean baina, arreta berezia jarri beharko diote gai honi, belardiak zaintzea baino, hauen iraupena bermatzea "ezinbestekoa" izango da-eta.

Erlazionatuak

Irumendi elkartearen mende erdia

Imanol Gallego 2017 mai 06 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak