goiena.eus

Gol festarekin ospatu du Antzuolak mailaz igo izana (5-0)

  Kirola  Antzuola

Aste barruan jakin dute Antzuola Futbol Taldeko ordezkariek mailaz igota zeudela, joan den asteko partidua ontzat eman ostean. Hala, Amara Berriren kontra presio barik zelairatu dira gaur, eta zaleei bost gol eskaini dizkiete. Erregional preferentean jokatuko du datorren denboraldian Antzuolak.

Oraindik bi jardunaldi geratzen zaizkio erregional mailako igoera faseari, baina Antzuolak dagoeneko bete ditu etxerako lanak, mailaz igo dira. Berez, joan den astean egin zituzten lanok, baina epaileak partidua bertan behera utzi zuenez 10 minuturen faltan –Antzuola irabazten zebilenean– aste barruan ez zegoen garbi gaurkoa partidu lasaia, ala presioarekin jokatu beharrekoa izango zen. Bada, eguenean albiste pozgarria jasota, gaur gozatu ederra hartu dute Igor Larrearen mutilek.

Partidua hasteaz batera hasi da gol festa, Apraizen golarekin (1-0). Ondoren etorri dira Ibai Zabaloren biak (3-0), Apraizek egin du 4-0ekoa, eta arratsaldea borobiltzeko Unai Kortabarriarena izan da 5-0ekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa