goiena.eus

Irumendi, mende erdi abeltzaintzaren bueltan

  Ingurumena  Antzuola

Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko eta egiten duten lana ezagutarazteko asmoz, egitarau berezia prestatu dute biharko. Besteak beste, hitzaldia izango da Torresoroan, eta Loidiko etxaldea eta Gorlako larreak bisitatzeko aukera izango da.

Irumendi, mende erdi abeltzaintzaren bueltan
Irumendikoen ganadua Gorla gainean | Ikusi handiago | Argazki originala

Abeltzaintzan diharduen Irumendi elkarteak 50. urte betetzen ditu aurten. Bihar, maiatzak 6, egun berezi bat antolatu dute, elkartea hobeto ezagutzeko hainbat ekintza izango direlarik.

Lehenik eta behin, hitzaldia izango da Torresoroan, Kontatuko dute zer nolako ibilbidea izan duten 50 urteotan, baina egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez ere arituko dira.  Ondoren, elkartekideekin bisita gidatuak egingo dituzte Irumendik Loidi gainean duen etxaldera eta inguruko belardietara. Gero, luntxa izango da Gorla Zurin. Biharko eguna bederatzi fundatzaile haiendako omenalditxoa izatea nahi dute.

Kooperatiba moduan jarduten dute Irumendin, eta ganadua hazten dute, haragitarako gehienbat, baina baita bizirik saltzeko ere. Gaur egun lau bazkide ditu Irumendik: Peio Legorburu, Mikel Mujika, Aitor Aranguren eta Anjel Zabaleta.

Bertako arraza

Irumendik gaur egun daukan egitura hartu zuenetik, herri behiekin dihardute lanean, pirinioar arrazarekin, alegia.
"Hasi ginenean, Gipuzkoan arraza horretako 40 behi baino ez zeuden kontrolatuta", dio Peio Legorburuk. Aezkoatik eta Zaraitzutik ekarri zituzten lehen bigantxak, eta horrela hasi ziren.

"Urteotan, ernai dauden 2500 bigantxa zabaldu ditugu Euskal Herrian eta estatuan zehar", azaldu du Legorburuk. Pirinioar arraza horren hobekuntza genetikoan ere jarduten dute. "Bertako arraza izanik hobekuntza horiek hemen egin behar ditugu, beste inork ez du egingo eta".

Belardi jasangarriak

Irumendikoek azalduko dute biharko bisita gidatuan belardien jasangarritasunari buruz arituko direla. "Duela 30 urte otalorea bakarrik zegoen inguru hartan". Esfortzu handia egin behar izan zuten belardia jartzeko. "Harrezkero, errotazio sistema erabili dugu", azaldu du Legorburuk. Horrek esan nahi du, lehenik bigantxa txikiak eta txahaldun behiak ibiltzen direla, eta atzetik, berriz, behi antzuak eta belarra gehiago mozten duen ganadua. Neguan behorrak ere eraman ohi dituzte, belar txarrik izan ez dadin.

Gorla eta Itxumendi inguruko gainetan dituzten larreez gain, beherago ere badituzte belardiak, Ugarria inguruan esaterako. 220 bat hektarea, guztira.

Etorkizunera begira

Irumendikoek diote eurei gauzak orokorrean nahiko ondo joan zaizkiela, eta erreleboa topatzeari ere ez diote aparteko arazorik ikusten. Izan ere, haiek jadanik badituzte belardiak, tresnak eta baliabideak, eta, hortaz, gazteak egin behar duen hasierako inbertsioa askoz ere txikiagoa da norbere ustiategia muntatzearekin alderatuta.

Dena den, Irumendikoek ez dute ukatzen etorkizunera begira badutela kezkaren bat edo beste. Batetik, "abeltzaintzaren jarduna nahiko lotuta dago laguntzetara", eta bestetik, okelaren kontsumoak behera egiteak ere kezkatzen ditu. Ez hori bakarrik, ganaduaren gaitzak areagotzea ere arazo izan daiteke: "Iazko ehiza denboraldian Antzuolan ehun basurde ehizatu zituzten. Horrelakorik ez da orain arte sekula ere ikusi". Animalia basatien gainpopulazio horrek jada menderatuta zeuden zenbait gaitz berragertzea ekar lezake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa