Auzoko 2008an sortu zen, Topagunearen eta UEMAren eskutik, eta jatorri ezberdinetako herritarrak "euskarara gerturatzeko". Debagoienean, sei herritan daude taldeak martxan.
Antolatzaileek nabarmendu dute jaia ez dagoela Auzokon parte hartzen dutenei soilik zuzenduta, eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Dinamika parte hartzaileak izango ditu oinarri. Esaterako, jatorri desberdinetako janariak probatzeko aukera izango da.
Antzuolako taldea
Duela hiru urte jarri zuten martxan Antzuolan Auzoko. Auzotar (antzuolarrak) eta Auzokideen (beste jatorri batekoak) artean, hamar bat pertsonako taldea bildu ohi da, eta Idoia Ramirez de Okariz koordinatzaileak nabarmendu duenez, taldea "dezente" aldatu da. Hasieran gizonezkoak ziren gehienak, eta asiarrak nagusitzen ziren. Egun, gehienak emakume hegoamerikarrak dira. Lehengo kideetako asko joan egin dira herritik, eta zaintza lanetan diharduten emakume gehiago etorri dira.
Yeselki Bonilla Dominikar Errepublikakoa da, eta urte eta erdi darama Auzokon. Ezagun batek hitz egin zion egitasmoaz: "Hasieran ez nuen ia inor ezagutzen Antzuolan, eta neurri batean isolatuta sentitzen nintzen, baina gerora jendea ezagutzen joan naiz, kalean jendea agurtzen, haiekin berbetan geratzen...".
Arantzazu Arbulu auzokidea da: "Kanpoan bizi izan naiz, eta badakit zer den hori". Era berean, uste du beste kultura batzuei buruz ikasteko balio duela.
Bertakoen eta kanpotik datozenen arteko kontaktua "aurreiritziak alde batera lagatzeko beharrezkoa" dela azpimarratu du Ramirez de Okarizek.
Auzoko jaiaren egitaraua
• 10:00 Bergarako autobus geltokian egin dute hitzordua Antzuolara oinez joateko.
• 11:30 Ongi etorri ekitaldia.
• 12:00 Auzoko dinamikak.
• 12:45 Munduko janarien dastaketa.
• 13:15 Dantza saio parte hartzailea.
• Goiz osoan zehar Photocall-a