Bihar, zapatua, 20:00etan izango dute partidua Josu Larrearen mutilek Touringen aurka, Oreretan. Azkenengo jardunaldian, Aste Santuko atsedenaldiaren aurretik, Estalan 4-2 garaitu zuten Zarautz, taulan hirugarren den taldea. Horrenbestez, biharko norgehiagoka irabaziz gero, Erregional Preferentera igoko da Antzuola Kirol Elkartea.
Lau jardunaldi geratzen diren honetan, hiru puntu nahikoa dituzte igoera hori lortzeko; izan ere, Zarautzek partidu guztiak irabazita 37 puntu lor ditzake, eta Antzuolak egun 34 ditu, eta gol averagea bere alde.
Igoera fasean bikain ari dira antzuolarrak, eta etxean jokatu dituzten norgehiagoka guztiak irabazi dituzte, Zarautzen aurkakoarekin, zazpi. Iaz denboraldi bukaera oso desberdina izan zen gorriendako, eta denboraldi osoan asko sufrituta, maila galdu zuten. Oraingo honetan, beraz, aukera paregabea dute lehen erregionala atzean laga eta erregional preferentera itzultzeko.
Partidu erabakiorra
Aste Santuko oporrak tarteko, bi asteko atsedenaldia izan dute, eta horrek "deskonektatzeko eta indarrak berreskuratzeko" balio izan die, eta zapatura begira, "gogotsu" dago taldea. Touringen aurka etxeko partidua "nahiko erraz" jokatu bazuten ere, hitzordu gogorra aurreikusten du Ibai Zabalok, taldeko kapitainak: "Zaila izango da, ziur. Etxetik kanpo gauzak asko aldatzen dira, eta eurek asko jokatuko digute; guri gehixeago kostatuko zaigu, baina aukerak sortu eta aprobetxatuz gero, irabaz dezakegu".
Helburua, lider bukatzea
Iaz galdutako maila berreskuratzeko lehen helburu hori asteburu honetan lortuko balute ere, gorriak ez dira erlaxatuko, eta lehiakortasuna erakutsi nahi dute azkenengo hiru jardunaldietan ere. Izan ere, sailkapeneko lehen bi taldeak igoko badira ere, Zabalok azaldu duenez, denboraldia taldeko lider postuan amaitu nahi dute. Gaur gaurkoz, bi puntuko aldea dute bigarren den Billabonarekiko: "alde hori mantendu eta ahal bada handitu egin nahi dugu, finala jokatu ahal izateko".
Azken hiru jardunaldietan antzuolarrek aurkari izango dituzten talde guztiak taulan erditik behera kokatuta daude.
Igoera faseko beste taldean egun Oiartzun da liderra, eta bere atzetik Ordizia dago, puntu bat gutxiagorekin. Beraz, taldeko lider imoduan bukatzea lortzen badute, ziurrenik bietako bat aurkituko dute antzuolarrek finalean.