Mendizabal III.ak onartu du Aimar Olaizola bere "gainetik pasatu" dela. Garaipena lortzea oso nekeza izango zela bazekien arren, maila ona erakusteko asmotan abiatu da Iruñera, baina azkenean ezin izan du gustatuko litzaioken moduan jokatu.
19 tanto egin ditu Olaizolak eta oso ongi jokatu du partidu osoan zehar, bigarren zatian 11-0ko partziala osatzera iritsi delarik. Hala, antzuolarrak ezin izan dio eutsi goizuetarrak jarritako erritmoari, eta aise menderatu du nafarrak.
Horrenbestez, final zortzirenetan agur esan dio Aitor Mendizabalek 2017ko buruz buruko txapelketari. Beñat Rezusta bergararrak, bere aldetik, atzo Victorren aurka irabazita, aurrera jarraitzen du txapelketan, eta egubakoitzean final laurdenetako partidua jokatuko du Jokin Altunaren aurka.