Partidu garrantzitsua zuen gaur Antzuolak etxean, izan ere, hirugarren sailkatuari abantaila ateratzeko partidua zen, eta halaxe egin dute antzuolarrek.
Partidu hasiera zoro baten ostean, Oxel Apraizek aurretik jarri du Antzuola, seigarren minutuan. Hala ere, hurrengo jokaldian Zarautzek berdintzea lortu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa eder batekin. Josu Larrearen mutilek partiduan sartuta jarraitu dute eta berriz ere aurre hartu dute markagailuan –oraingoan ere Apraiz golegile. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, kanpotarrek berdintzea lortu dute, jokaldi on batekin.
Atsedenalditik bueltan, etxekoak indartsu atera dira, eta hirugarrenez aurreratu egin da Antzuola, zarauztarrek haien atean sartutako gol bati esker –min 53–. Hamar minutu geroago, Ander Aranak laugarren gola sartu du, partidua erabakita utziz.
Igoera gertu
Garaipen honekin, esan moduan, aurrerapauso garrantzitsua egin dute antzuolarrek, eta igoera geroz eta gertuago dute. Hamabi puntu daude jokoan –lau partidu geratzen dira– eta hirugarren sailkatuarekiko bederatzi puntuko aldea du Antzuolak. Beraz, ezusteko handirik ezean, Erregional Preferentean arituko dira Larrearen mutilak.