Korrika txikia 16:00etan abiatuko da eskolako patiotik. Ondoren, 17:00etan puzgarriak egongo dira txikitxoen gozamenerako. Arratsaldean berriz, triki-poteoa eta 21:30ean afari herrikoia egingo da pilotalekuan. Zozketa ere egingo da. Korrika dela eta produktuz betetako otarra zozketatuko dute; baita herri kilometro bat ere, lekukoa eramateko aukera emanez.
Karaokea
Herri afariaren ostean, korrikaraokea egingo da. Korrikako abesti guztiei letra jarri die Ion Lizarazu informatikariak. "Antzuolako Korrika batzordean komentatu zen karaokea egitearen ideia; nik esan nuen egin nezakeela. Eta halaxe, korrikako edizio denetako musikak deskargatu Korrika.eus-etik eta karaokea egin nuen. Ez da horren zaila Gabi de la Mazak erabiltzen duen KaraFun programarekin egin dut", azaldu du.
Testigua
Kilometro ezberdinetan korrikaren testigua eragile hauek eramango dute: Elayk, Udalak, Matz Errekak, Goizperrek eta herri kilometroa (zozketaren irabazlea).
Bestalde, Iruñeara joan nahi dutenentzako autobusa antolatu da eskualdean; Antzuolako geltokira 09:15ean iritsiko da apirilaren 9an. Izen-ematea Aitz Garbi tabernan izango da, 10 eurotan.