Altxorrak kontatzeko eta berreskuratzeko saioa

Maider Arregi 2017ko mar. 24a, 09:01

Laugarrenez egingo da Apirilaren 2an, domeka, Ahotik Bihotzera ipuin maratoia Antzuolan. Herritar eta eragile orori zabaldua dago gonbidapena eta parte hartzeko ez da zertan ahozkotasunean profesionala izan behar; izen-ematea zabalik dago.

Galdu ezin diren eta azaleratzea merezi duten istorio, ipuin edo kontakizunei leku egingo zaie Apirilaren 2an. Ahozkotasunak  egungo "bizimoduaren zurrunbiloan" daukan garrantziaz jardungo dute. "Antzuola bereziki herri egokia da horrelako ekimen bat aurrera eramateko. Izan ere bertakoek, teknikariek edo langileek ahozkotasunaren aldeko apustua egiten dute. Eskolan ere astero jasotzen dute kontalari baten bisita; eta hori gero igarri egiten da", kontatu du Dorleta Kortazar antolatzaile eta ipuin kontalariak.  
Aurtengoa laugarrena da eta gaineratu du iñurrien lana izan dela orain arteko ibilbidea. Pixkanaka errotu den ipuinen festa bilakatu dela dio. "Badoa gorputza hartzen poliki-poliki. Ibilbide luzeko ekimen gisa aurkeztu genuen Ahotik Bihotzera ipuin maratoia. Gainera, antzuolarrek badute prestutasuna ipuinak entzuteko eta ohituta daude ipuinak kontatzera ere. Kabi polita da Antzuolako herria", gaineratu du arrasatearrak.


Altxorrak berreskuratzeko
Horrelako ekimenei esker, nagusien istorioak berreskuratzeko aukera ere izaten da. "Iaz, erretiratuen elkartetik etorri ziren eta izugarri istorio ederrak kontatu zizkiguten. Askotan pentsatzen dugu txikitan kontatzen diguten istorioak ez direla garrantzitsuak baina, sekulako altxorrak dira. Iaz, esaterako, Antzuolako baserri, leku eta pertsonaien inguruko istorioak kontatu zizkiguten. Ezezagunak zirenak eta soilik etxe horretan zekizkitenak. Sekulako aurkikuntza izan zen".


Edonork parte hartu dezake
Parte hartzeko baldintza bakarra da ezin dela irakurri. "8-10 minutuko ipuin bat, txikitako pasarte bat, irakurritako istorioa, poesia, bertsoa, txistea... ahozkotasuna ipuina baino gehiago dela ulertzen dugu-eta".
Kortazarrek dio, gure aiton- amonek eta gurasoek ohituta zeudela kontakizunak entzutera. "Eguneko zereginak bukatzean batzen ziren eta geratzeko tartea hartzen zuten elkar entzunez.  Nik uste dut horren garrantziaz ere ohartzen hasiak garela".


Egun osoko festa
Ahotik Bihotzera ekimena apirilaren 2an egingo da. 13:00etatik 14:30era ipuin eta bertso-poteoa herriko tabernetatik zehar egingo dute. "Eguerdian giro oso ederra eta gertukoa sortzen da". 18:30ean, ipuin eta bertso maratoia Torresoroan egingo da. Izena eman gura dutenek kultura@antzuola.eus helbidera idatzi dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak