goiena.eus

"Antzuolakoa, zortzi tunelekin da trenbide zatirik ederrena"

 Antzuola

Vasco-Navarro Trenak egiten zuen ibilbidea egungo belaunaldiek ere ezagutu dezaten gura du Enrique Diezek. Horregatik, 12 ibilbide jaso ditu argazki argazki eta youtuben ere zintzilikatu ditu. Horietako bat da Antzuolatik igarotzen zen burdinbidearena: Maltzagatik Zumarragara, 27 kilometro. Argazkiz argazki jaso du arrasatearrak. Bizikletaz, eta kamara eskuan, egiten ditu ibilbideak.

 

Zergatik Vasco-Navarro Trenaren ibilbidea erretratatu?
Helburua guztiz didaktikoa da. Ez dago jakin min handiegirik gai honekiko. Pena da belaunaldi berriek lehengo euskal trenbide sareaz ezer ez jakitea. Eta guztiz desagertu baino lehen jaso gura nituen ibilbideak.
Horren atzean dagoen istorioa jasotzea eta kontatzea duzu gustuko.
Bai. Jendearengan mirespena sortzea gura dut. Guztion ondarea da. Babestu beharrekoa. Adineko jendeari oroitzapen oso onak ekartzen dizkie. Haiei galdetzean, berpiztu egiten dira eta
aurpegia guztiz aldatzen zaie.  Hunkitu egiten dira eta gustura kontatzen dute bizitakoa.
Nolako lana da ibilbidea jasotzea?
Luzea da prozesua. Trenbidearen ibilbidea zein zen ikertzen dut. Garaiko argazkiak bilatzen ditut  liburuetara joz. Argazki panoramikoak bilatzen ditut, hegazkinetik ateratakoak, eta jatorrizko ibilbidearen ideia bat izaten dut. Toki askotan baina, oso zaila da burdinbidearen aztarnak bilatzea estalita eta oso hondatuta baitaude. Errazagoa da bidegorria baldin badago. Hala, ibilbidea ia buruz dakidala bizikleta eta argazki kamara hartu eta erretratuak ateratzera joaten naiz. Lan handia da.
Eta Antzuolakoa erraza izan da?
Trenbide zati ederrena da zortzi tunel ditu-eta Antzuolakoak. Berezia ere izan da. Amilletatik Deskargara bidean zegoen tunela egun desagertuta dago; nire ustetan autobideko lanengatik.  Tunelaren sarrera ere ez dago eta zaila izan da ibilbide zehatza jasotzea. Deskargako beste tunel baten sarrera aldiz, harrobi bateko langile bati esker aurkitu nuen. Aurkikuntza polita izan zen. Iñigo Ramirez de Okariz eskertu gura dut oso lagungarria izan zaidalako Irinmodo blogean jasota duena.  
Zein trenbide sare jaso dituzu?
Orain dela hiru-lau bat urte hasi nintzen ibilbideak jasotzen. Errioxako Aro-Ezkarai tarteaz hasi nintzen. Gero, Nafarroa eta EAEkoekin jarraitu dut. Egin dudan ibilbide luzeena Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen duena da: Plazaolako ibilbidea 84 km-koa. Bidasoakoa, Arrazolakoa Bizkaian, Kastrokoa... Guztira, 12 ibilbide jaso ditut eta youtuben zintzilikatuta daude guztiak.  
Eta orain buruan zein ibilbide duzu?
Iratiko burdinbidea jasotzea gurako nuke: Iruñatik Zangozara doana. Zaila izango da bidegorririk ere ez baitago eginda.
Vasco-Navarro  Trenak  50. urteurrena bete du. Hemen ere badira aztarnak.
Bai, aurten beteko ditu 50 urte desagertu zela. Gainera, Debagoienean badira aztarnak: Oñatin Correoseko geltokian lokomotora ederra dago, Eskoriatzan eta Arrasaten geltokiak mantendu dira... Esan moduan Arrasatetik ere pasatzen zen eta zerbait egitea gustatuko litzaidake gure bailaratik pasatzen zen trenbide sareaz. Egia da saihesbidearekin deseginda dagoela lehengo ibilbidea. Autobideko obrek ere aztarna asko desegin dituzte.

 

Iturriotzen gertatutako tren istripua

1893an Uzarraga auzoan zegoen tren geltokian istripua gertatu zen. Zazpi lagun hil ziren eta 40 zauritu. Bidaiarien artean Deustoko alkatea zegoen eta hau ere hil egin zen. Bagoi bat Iturriotz baserriraino heldu zen.  (Argazkia: Irinmodo)

 

Maltzaga-Zumarraga argazkiz argazki

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa