Ahuntz eta ardi gaztak dastatzeaz gain, bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren ere azalduko zaie parte hartzaileak gaztaren mundura murgilduz. "Horrez gain, baina, baserritar gaztagile horien bizimodua eta lanak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. Aukera paregabea jaten dugunaren atzean zer eta nor dagoen jakiteko", azaldu dute antolatzaileek.
Izan ere, herriko gaztagile batek ere parte hartuko du. Hala, Antzuolako Pikunieta baserrikoek, ardi gazta nola egiten duten azalduko dute eta honek dituen bereizgarriak ekarriko dituzte. Bertan izango dira ere Itziarko Egixa baserrikoak (ardi gazta) eta Soraluzeko Egotzakoak (ahuntz gazta). Hamasei lagunendako plaza mugatua dago. Izena azaroaren 3ra arte eman daiteke Aitz Garbin.