Endika Ruiz: "Gaztetxoek imajinazio handia dute bertsotarako"

Maider Arregi 2015ko urr. 23a, 08:00

 Ikasturte honetan, lehenengoz jarri da martxan Gu ere bertsotan proiektua. Izan ere, herrian bertsolaritza bultzatzea oso garrantzitsutzat jotzen dutela azaldu du Udaleko kultura batzordeak. "Bertsolaritza ardatz hartuta, zeharka beste hainbat arlo ere lantzen dira: euskara, kultura, kantua eta musika, trebetasun pertsonalak eta sozialak (komunikatzeko gaitasuna, jendaurrean moldatzeko baliabideak, etab.)", azpimarratu dute batzordeko kideek.

"Bertsolaritzaz zaletzeko egokiena txikitatik hastea zela pentsatu genuen; hala, egokiena iruditu zitzaigun eskolan bideratzea; hartara, eskola orduetan ume denek izango zutelako bertsolaritza lantzeko aukera. Eskolak begi onez ikusi zuen eta 2015-2016n jarri da martxan Gu ere bertsotan proiektua Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin batera".


Eta dagoeneko hiru saio daramatzate 5. mailako gaztetxoek Endika Ruiz oñatiarraren gidaritzapean. Ruiz hamabostean behin etortzen da eskolara eta ikasleak oso gustura eta kontentu daudela dio: "Orain arteko saioetan bertsolariak ezagutu ditugu. Baina, bertsolariek oholtza gainean duten jarrera eta bertsozaleek eduki behar duten errespetuaz ere jardun dugu. Neurriak zenbatzen eta errimak lantzen, ordea, hasi berri gara eta sekulako sorpresak egon dira! Izan ere, haurrek imajinazio handia dute eta geuk ikusten ez ditugun hitzak erabiltzen dituzte errimak egiterako orduan". Esperientzia polita bizitzen ari direla kontatu dute ikasleek eta irakasleek. "Urduri egoten gara denon aurrean kantatzea tokatzen zaigunean, baina, oso gustura gaude, matematikak baino gehiago gustatzen zaizkigu bertsoak! Endikak etxeko lanak bidaltzen dizkigu eta etxean gurasoekin egiten ditugu", diote ikasleek irribarrez.


Proiektua aurten jarri da martxan 5. mailako ikasleekin (10 urte). Baina, 6. mailan jarraituko dute eta bi urte egingo ditu talde bakoitzak bertsotan. Asmoa da, proiektuak jarraipena izatea eta urtero 5. mailara iristen diren umeekin hastea. Urte bukaeran jendaurreko bertso saioa egingo dute Torresoroa aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak