Arrandegira joaten direnen %70ak ontzia eramateko ohitura du

Maider Arregi 2014ko uzt. 9a, 12:04

Dagoeneko sei hilabete betetzear dauka Udalak eta Ekogunek abiatutako Ontziratu zaitez kanpainak. Otsaila hasieran, 520 tuper banatu zituzten herriko familien artean. Hala, erabiltzaileei galdetuta, harrera ona daukala  eta ekimenarekin bat egin dutenek "gustura eta pozik" daudela kontatu dute.  Antzuolan, momentuz baina, herriko arrandegiak eta Amaia dendak egin dute bat Ontziratu zaitez egitasmoarekin. 

Arrandegian galdetuta, dagoeneko ohitura bihurtu dela ontziarekin joatea kontatu digu Abel Uribesalgok. "Ekimenak izandako erantzunarekin pozik nago. Izan ere, erabiltzaileen %70a ontziarekin etortzen da arrandegira. Gainera, norbaiti ahazten bazaio ontzia etxean, geuk dauzkagun urdin koloreko ontziak uzten dizkiogu. Gero bueltan ekartzen dute eta listo", dio. Izan ere, familia bakoitzari ontzi berde bat banatu zitzaion, eta urdin bat dendetan dute etxean ahaztuz gero, erabiltzeko.
Amaia dendako Amaia Lazkanori galdetuta, "erosoa eta garbia" dela kontatu digu. "Ondo doa ekimena; hasieran zalantzak sortu zitzaizkien erabiltzaileei; baina behin zertarako erabili behar zuten garbi izanda, ez da arazorik izan", azaldu du Lazkanok. "Plastikoaren erabilera arintzeko aukera ikusita, asko kontziente da orain ontziaren erabilera bultzatzeaz. Nire kasuan sasoiko produktuak plastikoan sartu beharrean, tuperrean sartzen dute".

Udalak balorazio positiboa

Udalak balorazio baikorra egiten du. Zero Zabor filosofiaren bidean beste pausu bat dela dio, hain justu helburua ahalik eta  zabor gutxien sortzea delako. "Kanpaina honekin helburua hirukoitza da: erosotasuna eroslearentzat, kostuen txikitzea dendarientzat eta, noski, onura orokorra, hondakinak murriztuko dira-eta", dio Udalak. "Ontziak, poltsan sartu ahal izateko neurri egokia dute eta material birziklatuekin dago egina", dio Ekogunek.

Zozketa hilero

Antzuolan sustapen berezia egiten dute eta ontzien erabilera saritu. Hala, ekimenean parte hartzen dutenen artean 20 euroko erosketa txartela zozkatzen dute hilero-hilero. "Zozketa ideia ona da; jendeari gustatu zaio ekimena eta asko animatu dira bat egitera", kontatu du Abel Uribesalgok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak