Antzuolan hondakinen %92 birziklatzen dira, atez atekoa ipini eta sei hilabetera

Usoa Agirre 2011ko urr. 25a, 17:24

Pasa dira sei hilabete Antzuolan hondakinen atez ateko bilketa sistema ezarri zenetik eta azken datuen arabera, hondakinen ia %92 birziklatzen dira Antzuolan. Datu horiek ikusita balorazio positiboa egin du atez ateko batzordeak eta antzuolarrak zoriondu nahi izan ditu Markel Azkargorta batzordeko teknikariak: "Balorazio positiboa egin eta antzuolarrak zoriondu beharrean gaude beste behin. Orain tokatuko da zero zabor filosofian sakontzea eta hondakin horiek nola murriztu aztertzea". .

Organikoaren kasuan aurreikuspenen gainetik birziklatzen dela adierazi digu Azkargortak: "Hilean 14.000 kilo batzea zen aurreikuspena eta irailean, adibidez, 17.320 batu ziren". Gainontzeko hondakinen kasuan aurreikuspenak baino gutxiago da jasotzen dena. Errefusarena da datu deigarriena: hilean 8.400 kilo batzea aurreikusten zen eta 1.520 jaso ziren irailean. Azkargortaren arabera, aurreikuspenak Hernani eta Usurbilgo datuekin egindakoak izan dira eta hiri handiagoak izanik, baliteke datu horiek ez egokitzea Antzuolara.

Atez atekoa enpresetan

Atez ateko bilketaren ezarpenean bi fase zehaztu ziren. Lehenengoa herriguneari eta etxebizitzei bideratutakoa, eta bigarrenean sartuko lirateke enpresak. Datorren astean, eguaztenean, hasiko dira enpresak atez ateko sistemarekin hondakinak ateratzen. Azkargortak nabarmendu digu hiri hondakinak jasoko direla enpresetan, "bestelako hondakinak, toxikoak edo arriskutsuak enpresa bakoitzak kudeatu beharko ditu, orain arte moduan eta dagokion lekura eraman".

Enpresen artean ezberdindu dituzte enpresa txikiak eta handiak. Enpresa handiek funtzionatuko dute edukiontzi irekiekin. Arazoren bat balego itxi egingo lituzkete edukiontzi horiek eta giltza edukiko lukete enpresako arduradunek eta biltzaileak. Enpresa txikiek, berriz, etxebizitzen moduan funtzionatuko dute, beraien zintzilikarioarekin eta kuboarekin.

Hondakinak nahastuta

Arazoei dagokienez, batez ere hasieran egon ziren, herritarrek ez zutenean oraindik oso garbi nola sailkatu hondakinak. Dena dela, Markel Azkargortak esan digunez poliki-poliki joan dira arazo horiek konpontzen: "Hasieran batzuek organikoa ateratzen zuten plastikozko poltsan eta horrekin ere egon zen arazoa, baina azken hilabeteetan normalizatu da; jendeak ondo egiten du orain sailkapena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak