Zubietako bizilagunak Antzuolan egon dira atez atekoagatik eskerrak emateko

Txomin Madina Milikua 2011ko mar. 2a, 22:01

Osoko bilkura izan da arratsaldean Antzuolako Udalean eta bisita berezia izan dute bertan. Izan ere Zubietako hainbat bizilagunek ere hartu dute parte, astelehenan abiaraziko den atez ateko zabor bilketa sistemagatik eskerrak emateko.

Luken Goia izan da zubietarren bozeramailea, eta ohiko osoko bilkura hasi aurretik irakurri du antzuolarrei eskerrak emateko prestatutako mezua.

Esan duenez, "hamaika gautan galdu" dute loa Zubietan errauste planta bertan egingo zela jakin zenetik, bere esanetan frogatuta dagoelako horrelako azpiegitura batek  osasunarendako, ekonomiarendako eta ekologiarendako kalteak dakartzala. Gaineratu du baina,  "arnas pittin" bat hartzen hasi zirela Usurbilen atez atekoa ezarri zutenean.  Orain Antzuolan ere sistema hori jarriko dutela ikusita, Antzuolari eskerrak eman gura izan dizkiote; eskerrak bai atez atekoaren aldeko apustua egin duten agintariei eta baita herritarrei ere, Goiaren esanean,  "hondakinen kudeaketa hobetzeko" eta "errausketarik egon ez dadin" egindako lanagatik. Debagoieneko Mankomunitateari ere eman dizkiete eskerrak ekimen hau abiarazteagatik.

Zubietako bizilagunen esanetan atez atekoa da bidea, azaldu dutenez, gero eta hondakin gutxiago sortzen laguntzen duelako. Horregatik, eskerrak bakarrik ez, animoak ere eman gura izan dizkiete atez atekoaren alde lanean dabiltzan antzuolarrei.

Pedro Iturbe Antzuolako alkateak, bestalde, zubietarrei eurei eman dizkie eskerrak, eta gaineratu ilusioz eta ahalik eta hobekien egiteko asmoarekin ekingo diotela atez atekoari.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak