Aurreko asteko egubakoitzean egin zuen Udalak uztaileko osoko bilkura; hantxe, haurtzaindegia eraikitzeko lanak esleitzeko baldintza pleguak onartu zituen. Lanen esleipenak Udalak berak kudeatuko ditu eta gremioka egingo dituzte esleipenok; horrela, merkeago aterako zaizkio lanak Udalari.
Haurtzaindegia izango denaren aurreproiektua idatzita dago eta behin-betiko proiektua idazten dihardu orain Ingenieria 21 enpresak. Herri Ikastetxeari atxikita egingo dute eraikin berria, jolas-tokiaren ondoan.
Behin baldintza pleguak onartuta, laster esleituko dituzte lanak, eta irailean lanekin hasteko moduan egongo direla espero dute Udaleko arduradunek; euren asmoa da datorren urteko otsailean haurtzaindegia zabaltzea.
Udalak finantzatuko du
Antzuolako Udala Haurreskolak Partzuergoaren barne dago. Horrela, lanak finantzatzeaz Udala arduratuko da, baina, haurtzaindegia hornitzea eta kudeatzea Partzuergoaren zeregina izango da. Udalak 300.000 bat euro inbertituko ditu haurtzaindegia eraikitzen.
Partzuergoak bi haurtzaindegi maila bereizten ditu: 2.000 biztanletik beherako herrietarako haurtzaindegiak eta 2.000 biztanletik gorako herrietarako. Antzuolak 2.000 biztanle baino gutxiago dituen arren, biztanleriaren goranzko joera ikusita, herri handienetarako moduko haurtzaindegia egingo du.