Herri kirol erakustaldia frontoian izango da, 17:15ean. Goenatxo, Izeta eta Ostolaza harri-jasotzaileek, Peñagarikano eta Arrozpide aizkolariek eta Ruben Saralegi eta Julen Aranberri aizkolari gazteek parte hartuko dute.
Elkartasun festa
Anelkarrek, bestalde, Elkartasun Festa antolatu du. Pintxoak salduko dituzte, plazan jarriko duten postu baten. Batutako dirua hiru misiolari antzuolarrei laguntzeko izango da: Brasilen dagoen Juan Antonio Lizarralderi, errota bat egiteko; Ecuadorren dagoen Ana Mari Iturberi, indigenei laguntzeko, eta Maria Antonia Etxezarretari, Uruguayko emakumeen heziketa bultzatzeko.
Goizean, azoka
Goizean, berriz, 09:00etatik 14:00etara, artisau eta ganadu azoka izango dugu. Era guztietako produktuak izango ditugu: xaboiak, bastoiak, lore lehorrak, txirulak, pilotak... 10:30ean, Trekutz elkartean salda banatuko dute. 11:00etan, meza izango da; 12:00etan txistulariek kalejira egingo dute, eta 12:30etik aurrera, trikitilariak izango ditugu.