Kristinak ilusioz hartu du berria. Euskal Filologia ikasi eta euskaltegi batean irakasle aritu ondoren, beste pauso bat emateko aukera paregabea iruditzen zaio beka hori: "Toponimia gure hizkuntzaren lekukorik zaharrena denez", oso interesgarria iruditzen zaio hori biltzea.
Urtebeteko epea
Urtebeteko epea eman diote ikerketa egiteko eta horretan buru-belarri aritzeko asmoa dauka. Bere lana herriko tokien izenak jaso, aztertu, sailkatu eta arautzea izango da. Hala, baserriak, iturriak, mendiak eta beste hainbat lekuren izenak izango ditu aztergai Kristinak.
Helburua: ondare historikoa gordetzea
Lanaren helburua ondare historikoa jaso eta galtzeko arriskua duten izenak gordetzea izango da. Informazioa lortzeko idatzizko dokumentuak aztertuko ditu, baina ahozko iturriak ere erabiliko ditu: zenbait herritar nagusi elkarrizketatuko ditu; izan ere, haiek ezagutzen dute ondoen herriko toponimia zaharra.
Ikerketaren jarraipena
Euskaltzaindiko kide batek zuzenduko du Krsitina Pavoren ikerketa. Lanaren segimenduaz, berriz, jarraipen batzorde bat arduratuko da.