Leire Galeanok eraman du binakako txapela (22-17)

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko api. 20a, 21:14

Ainhoa Ruiz de Infanterekin bikotea osatuz, Maddi Barrocal eta Naroa Agirre hartu dituzte mendean, lepo bete den Antzuolako pilotalekuan. Promes mailan, berriz, Ibarrola-Vertiz bikotearentzat izan da txapela, Aranburu-Arrastia bikoteari 22 eta 18 irabazi ostean.

Ados Pilota elkarteko binakako txapelketaren finalek ikusmina piztu dute. Antzuolako udal pilotalekua lepo bete da, besteak beste, elite mailako finalean herriko Leire Galeano eta Bergarako Maddi Barrocal elkarren aurka aritu direlako.

Astean biek esan zuten final gogorra eta estua espero zutela, eta, txapela, akats gutxien egiten zituen bikoteak eramango zuela. Esan eta asmatu. Txapelketako bi bikote indartsuenak izan dira aurrez aurre, eta, argi utzi dute zergatik lortu duten bertan izatea.

Hasieratik partidua oso lehiatua izan da, tanto luzeekin eta errematerako aukera gutxirekin. Atzean lehia polita izan dute Galeanok eta Agirrek, batak besteari ederki eutsiz. Uneoro tanto bateko edo biko aldea egon da markagailuan, eta, finala detaile txikietan erabakiko zela ikusten zen. Partiduan zehar Maddi Barrocal saiatu da aurreko koadroetan jokoa nahasten eta bikote urdina mugiarazten. Bergararrak asmatu egin du tanto batzuetan, baina orokorrean ederki eutsi dio bikote urdinak Barrocalen jokoari.

Neurketaren azken txanpan, ordea, Naroa Agirreren eskuek igarri dute partiduaren gogortasuna eta pare bat pilota galdu ditu atzean. 15 eta 19 izan da urdinek lortu duten abantailarik handiena neurketan zehar, eta, bazirudien hortxe amaituko zela neurketa. Orduan, gorriek bi tanto egin dituzte, markagailuan 17 eta 19 hurbiltzeko. Baina hortik zuzen joan dira 22ra Ruiz de Infante eta Galeano.

Neurketa amaituta, Galeano pozik agertu da egindako finalarekin, eta, txapela etxean janzteagatik: "Pilotalekura sartu eta hainbeste jende ikustean urduri jarri naiz, eta, partidu hasieran ere nabaritu dut hori. Oso final gogorra izan da eta bukaerara arte ezin zen jakin nork irabaziko zuen. Amaierara ondo iritsi gara eta hori ederki aprobetxatu dugu. Ikaragarria izan da finala etxean irabaztea, ez nuen hainbeste jende espero". Txapela ez ezik, txapelketako pilotari onenaren saria ere jaso du Galeanok.

Barrocal-eri arantzatxoa gelditu zaio, baina finala galdu arren, egindako lanarekin gelditzen da, eta, pozik, txapela Leirek irabazteagatik: "Finalera iristea sorpresa izan zen niretzat, eta, egindako txapelketarekin oso gustora gelditu naiz. Leireri eta Ainhoari zoriontzea besterik ez zait gelditzen, eurek ere sekulako txapelketa egin duelako. Leirek irabazita ere pozik gelditzen naiz, laguna baitut".

Promes mailan ere, final estua

Elite mailako finalaren aurretik jokatu da promes mailakoa, eta, hau ere gogorra bezain ikusgarria izan da. Azkenean, Ibarrola-Vertiz bikotea 22 eta 18 nagusitu da Aranburu-Arrastia bikotearen aurka.

Antolatzaileak "oso pozik"

Inoizko txapelketarik luzeena izan da bukatu berri den binakakoa eta antolatzaileak oso gustura agertu dira txapelketa nola joan den ikusita, eta, finalak izan duen harrerarekin. "Ohituta gaude pilotalekuak beteta ikustera, baina gizonezkoak jokatzen dutenean. Gaurko erantzuna ikusita, eta, nolako partiduak izan diren ikusita, oso egun pozgarria da guretzat" adierazi du Iera Agirre Ados Pilota elkarteko kide eta txapelketako antolatzaileak.

Era berean etorkizunera begira indartsu daudela aitortu du Agirrek: "Ikusita nola joan den, guri izugarrizko indarra ematen digu. Onen atzean auzolan ikaragarria dago, egia da familia bat garela eta horrela errazagoa dela, baina ea gizartea ere gurekin batera doan eta horrelako egun gehiago bizitzeko aukera izaten dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak