Aretxabaletaren proiektuen eta beharren berri eman dio alkateak diputatu nagusiari

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 30a, 19:43

Gari Iturbe eta Eider Mendoza udaletxeko bulegoan.

Eider Mendoza diputatu nagusiak bilera egin du Garikoitz Iturbe alkatearekin Aretxabaletako udaletxean, udalerrietara egiten diharduen bisiten baitan. Herriko "proiektuak eta beharrak" ezagutu ditu diputatu nagusiak.

Bilera horrek emandakoaren berri eman dute Udaletik prentsa ohar bidez eta adierazi herriak dituen zerbitzuen eta proiektuen berri eman diola alkateak: "7.000 biztanleko herria gara, beraz, tamaina ertainekoa, baina herri handiago baten antzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu, aurrekontu askoz txikiagorekin". Ildo horretatik, "ez dela samurra zerbitzu berrien eta inbertsioen arteko oreka mantentzea" gaineratu du alkateak.

Zentro soziosanitarioa, garraioa eta Urkulu

Hiru gaitan jarri dute arreta bi erakundeetako ordezkariek.

Alde batetik, zaintza-ekosistema baterako proiektuan; osasun-zentro berrian abian jarriko den zentro soziosanitarioak erakunde guztien babesa izan beharko lukeela adierazi dio alkateak.

Bestetik, garraio publikoa izan dute hizpide. Iturbek esan dio "garrantzitsua dela erakundeen arteko lana bailarako garraio publikoa eta hiriburuekiko loturak hobetzeko". Ildo horretatik, Diputazioa eta Debagoieneko alkateak hasita daudela beharrak identifikatu eta hobetzeko bideak bilatzen gogorarazi dute.

Hirugarrenik, "Urkulu urtegiaren garrantzia" jarri du mahai gainean alkateak, "alderdi guztiak" kontuan hartuta: biztanle eta abeltzainen beharrak, aisialdi erabilera eta balio ekologikoa, esaterako. Eta inguruko "azpiegiturak mantentzeko finantziazio beharra" nabarmendu dio.

Bi aldeek komunikazio kanalak zabalik mantentzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute prentsa-oharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak