Ikerketa eta dibulgazioa, Oñatiko Udalaren eta EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldearen lankidetzaren helburu

Maialen Santos 2021ko api. 20a, 21:04

Iaz sinatutako lau urtetarako hitzarmenari jarraipena emanaz, Oñatiko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa taldeak lankidetzan jarraituko dute 2021ean ere.

Hitzarmenari dagokionez azaldu dute Udalaren eta EHUko Historiaurrearen Ikerketa Taldearen arteko lankidetza ahalbidetuko duela horrek, "Oñatiko aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoetarako ondare arkeo-paleontologikoaren lotutako dibulgazioa eta azterketa egiteko, aholkularitza emateko eta ondare horri balioa emateko".

Udalak, "konpromisoa"

Udaletik gehitu dute konpromisoa hartzen duela ikerketa taldeak egiten dituen dibulgazio zientifikoko, ikerketako, balioa emateko eta aholkularitzako ekintzak sustatzeko eta talde horretako kideek proposatutako azterketa zientifikoak bermatzeko eta berresteko.

Hitzartutakoen artean daude honako hauek, besteak beste: Gipuzkoa eta Oñatiko historiaurreari eta paleontologiari buruzko hitzaldi saio multzo bat ospatzea edota Arrikrutzeko haitzuloan jarduera desberdinak gauzatzeko aukera proposatzea. Horretaz gain, Araotzeko bailarako haitzuloetan, Arrikrutz konplexu karstikoan, ikerketan sakontzea ere adostu dute.

2021erako aurreikusitako prestakuntza, kontserbazio, ikerketa, aholkularitza eta dibulgazio lan hauek 12.000€ aurrekontua daukate, eta Udalak bere gain hartuko ditu sor daitezkeen gastu guztien finantzazioa,  "beti ere aurrekontu honen barruan eta ekintza-plan horien zehaztasunak aurkeztutako  zuriketa memorian jasota badaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak