Ekhine Zumeta: "Ez dago B planetarik, planeta bakarra daukagu"

Kontsumo jasangarriaren eredua bultzatu gura duen talde irekia da Ixutu Begixak eta jendeari planeta bakarra dugun kontzientzia piztea da duen helburu nagusia.

Duela hiru bat aste lagun artean sortutako ekimena da Ixutu Begixak eta bizpahiru egunean ia 70 lagun batu dira taldera, herri ezberdinetakoak. Kideetako bat da Ekhine Zumeta. Uste du gaiarekiko jakin-mina eta kezka badagoela, eta proiektua handitzen joango dela.

Nolakoa da Ixutu Begixak taldea eta zein helburu ditu?

Talde irekia da, herri ezberdinetako herritarrek parte hartzen duten ekimena. Kontsumo jasangarriaren eredua bultzatu gura du talde honek, eta hori ulertzen dugu hiru bide hauek hartuta: kontsumo lokala bultzatzea, herrian egin daitekeena; kontsumo horren inpaktu anbientala kontuan hartzea; eta hirugarrena eta helburu nagusia da jendeari begiak irekitzea eta kontzientzia piztea dendara doanean aztertu dezan zer ari den erosten, nondik datorren hori edo zein inpaktu izan dezakeen erosketa horrek etxera eramaten duenean.

Nolakoa izan da sorrera?

Lagunen artean sortutako ideia izan da eta sare sozialen bidez, kasu honetan Whatsapp bitartez, egin da taldea. Bi egunean ia 70 lagun batu dira. Uste dut proiektua handitzen joango dela, eta beste bide batzuk ere hartuko ditugu honen zabalkundea egiteko; beste sare sozial batzuk erabilita, adibidez. Uda ostean, hala ere, badugu asmoa herrian hitzaldi edo aurkezpen bat egiteko proiektuaren berri emateko, gure helburua azaltzeko.

Diozu herria asko mugitu dela hiru aste hauetan. Nola?

Gaiarekiko kezka eta jakin-mina dago. Herria asko mugitu da tarte honetan. Maila ezberdinetan, gainera. Adibidez, liburutegiak guk eskatutako liburu batzuk ekarri ditu. Etxean erabiltzen dugun papera, sukaldean zein komunean, birziklatutako paperean batzen duen linea bat badago eta Eroskik ekarri egin du guk eskatuta. Belar dendan arropak garbitzeko detergentea soltean ekarri dute, etxetik potea eraman eta han betetzeko. Hortzetako eskuila eta pasta naturalak ere ekarri dituzte herriko farmazia eta denda banatara. Ortuzabalakoekin hitz egin dugu eta baita artisau batzuekin ere... Jendeak beste herrialde edo toki batzuetan dauden ekimenen loturak bidaltzen ditu taldera, edo gaiarekin zerikusia duten albisteak edo argazkiak.

Ze ezaugarri ditu kontsumo jasangarriak, zuen ustez?

Kontsumo jasangarriaren eta lokalaren alde egiten duena, adibidez. Umeak eredu horren barruan hezi gura ditugu eta bost ezaugarri nagusi ditu. Errefusatu da lehena; ez hartu behar ez duzunik, etxetik poltsak eta ontziak eramanda ez duzu dendakoen beharrik. Bigarrena da gutxitzea; inpaktu anbientala sartzen da hemen. Internetez erostea erraza da, baina urrutiko produktuak etxera ekartzeak badu eragina ingurugiroan. Garbiketarako ere mila produktu ditugu eta askok ingurugiroarendako arriskutsuak diren ikurra dute. Hirugarrena da gauzak berrerabiltzea. Laugarrena, konposta egitea. Eta bosgarrena, birziklatzea. Kontuan izan behar dugu ez dagoela B planetarik, bakarra daukagula.

Aitzakia edo egia da apustu hori garestiagoa dela?

Ba, produktuen arabera. Gauza batzuk, agian, bai, eta militantzia hor dago. Baina, adibidez, soltean erosten direnak merkeagoak dira eta eskuz egindakoen artean ere sorpresak hartu ditugu.

Zenbatekoa da merkatuaren pisua?

Ikusi behar dugu beharrezko ikusten dugun zer sortu duen merkatuak. Ontziak garbitzeko xaboi distiratsua saltzen dute, esaterako. Badira xaboi merkeagoak eta naturalagoak ontziak berdin garbitzen dituztenak, nahiz eta distirarik ez atera.