Arantzazuko Ama Birjina, maitatua Filipinetan ere

Amaia Zabala 2019ko eka. 21a, 09:00

Arantzazuko Ama Birjinaren 550. urteurrena ospatu zuten zapatuan Filipinetako San Mateo herrian. Egun handia izan zen hango fededunentzat, Arantzazuko Ama oso estimatua baita eta "mirari ugari" egin dituen ospea baitu.

"Oso paradoxikoa da: Oñatin Jare Kuartela eguna ospatzen ari ziren bitartean, Filipinetan, milaka kilometrotara, Oñatiko Ama Birjinaren agerraldiaren 550. urteurrena ospatzen ari ziren", dio izatez legazpiarra den baina Oñatin bizi den Jon Mikel Insaustik.

Gaineratu du txiripaz izan zuela ospakizun hauen berri, Twitterren. "Ama Birjina gurtzen eta honen aldeko meza eta otoitzen hainbat bideo dituzte Twitterreko eta Youtubeko kanalean. Irakurri dudanaren arabera, 1705ean iritsi omen zen Ama Birjinaren irudia San Mateo herrira, Juan de Echazabal izeneko jesuita batek eraman omen zuen. Gainera, oso ezaguna izan behar du, bertan mirari ugari egin omen dituelako".

Hain zuzen ere, Aranzazushrine.ph izeneko webgunea dute San Mateoko eliza horretakoek, eta bertan argitaratzen dute informazio guztia; gainera, kuriositate moduan, esan behar da otoitz eta eskaera mezuak Arantzazuko Ama Birjinari bidaltzeko aukera eskaintzen dutela bertan.

Hego Amerikan ere bai

Filipinetan soilik ez, Hego Amerikako hainbat herrialdetan ere gurtzen dute Arantzazuko Ama. Gerardo Elorza Oñatiko historialariaren esanetan, Mexiko, Kuba, Peru eta Hego Ame-rikako beste hainbat herrialdetan ere badira Arantzazuko Ama Birjina izeneko eliza eta kofradiak: "Konkista garaian, XVI-XVIII. mendeetan hemendik joan ziren euskaldunek, tartean frantziskotarrek, eraman zuten eta haien bitartez zabaldu eta ospe handia hartu zuen. Gainera, Oñatiko parrokian ere bada Hego Amerikatik ekarritako Arantzazuko Ama Birjinaren margolan bat. Hango estiloan egina da eta azalez nahiko beltzarana da, Perukoa dela esango nuke".

Horretaz gain, Elorzak dio Arantzazuko Ama Birjinaz idatzi zen lehen liburua Mexikon argitaratu zela. "1686an Juan Luzuriaga frantziskotarrak idatzia da eta ordurako han zeinen sustraituta zegoen adierazten du. Aipatzekoa da, baita ere, Elkanok bere testamentuan Itziarko eta Arantzazuko Ama Birjinak aipatzen dituela".

Arantzazuko Amaren agerraldia

Herri-kondairak dioenez, Errodrigo Baltzategi artzain gazteak, 1469ko ekainaren 11n, Aloña Mendiko elorri zuri baten gainean Ama Birjinaren irudi bat aurkitu zuen eta gertaera haren berri zabaldu eta berehala hasi ziren erromesak leku hori bisitatzen. Eta, diotenez, kapera bat eraiki zuten leku hartan. 1514az geroztik, frantziskotarrek zaintzen dute Arantzazuko santutegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak