Bihar jokatuko da Txinparta Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa

Jakina da Txinparta Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan Joseba Lasagabaster izan zela bertsolari onena. Bada, bihar, 17:30etatik aurrera eta Eltziako Topagunean txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko da. Biharkoan arituko diren bertsolariak honakoak izango dira: Odei Irigoien, Aitor Tatiegi, Egoitz Aizpuru, Andoni Goitia, Joseba Igartua, Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Aritz Irigoien. 

Gustura, egindako saioarekin

Zortzi bertsolari aritu ziren lehen kanporaketan eta Lasagabasterrek adierazi du saioan askotariko bertsoak entzuteko aukera egon zela; horrek, era berean, saioa entretenigarri egin zuela aitortu du. Berak egindako saioari dagokionez, honako hau esan du Lasagabasterrek: "Txapelketan izena eman nuenean, helburua bertso eskolan landutakoa jendaurrera eramatea zen. Horregatik, eta aspaldian bertsoan aritu ez naizelako, gustura nago egindako saioarekin".

Biharko kanporaketa

Biharkoa saio polita izango dela aitortu du Lasagabasterrek, Eltzian profil desberdina duten bertsolariak arituko direlako.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.