'Eltziari eragiten' jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar bitartean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 16a, 10:59
Eltziako hainbat oñatiar eragile, eraikinaren aurraldean.

Eltziari eragiten jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar bitartean Eltzian. Gaur, egubakoitza, espazio publikoen kudeaketarako formula berriak ezagutu eta horien gainean hausnartzeko eguna izango da. Bihar, herritarrek Eltzia barrutik ezagutzeko aukera izango dute.

Getxoko Bentaranoa, Iruñeko Plazara, Zaragozako CSC Luis Buñuel eta Bartzelonako Can Batlo esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute eragileek.17:30ean, ongietorria egingo zaie beste esperientzia batzuk kontatzera datozenei, eta ondoren, esperientzia horiek entzungo dituzte. 20:30ean, saioa itxitzat emango dute. Horietako ekimen batzuk aspaldikoak dira eta beste batzuek, Eltziak, adibidez, orain dela gutxi hasi dute ibilbidea. Hala, esperientziak elkartrukatu eta elkarrengandik ikasteko aukera izango dute.

Topagunea jendearekin, eguaztenean. Argazkia: Xabi Urzelai.

Topagunea ideiatzeko tailerra

Hasierako ideia haiek errealitate izateko beharrezko ikusi dute topaguneari zein funtzio eman nahi zaion zehaztea

Bihar, zapatua, Eltziako erabiltzaileekin topagunearen espazioaren erabileraren hausnarketa egingo da. 11:00etatik 13:30era egingo dute hori. Topagunea Eltziako sarrera nagusitik sartuta dagoen espazio irekia da. Eltzekideek bere garaian erabaki zuten gune horrek erabilera bikoitza izango zuela: batetik, Eltziako erabiltzaileak elkar ikusteko gunea izatea, eta modu horretan euren arteko harremanak sustatzeko gune informala izatea; eta, bestetik, Eltziara doazen herritarrak egoteko moduko gunea izatea. Hasierako ideia haiek errealitate izateko beharrezko ikusi dute topaguneari zein funtzio eman nahi zaion zehaztea eta horretarako bitartekoak zeintzuk izango diren pentsatzea.

Eltzia ezagutzeko bisita gidatua

Herritarrek dantzan elkarrekin ondo pasatzea izango da helburua; sarrera doan izango da eta parte-hartzea librea

Bihar, 11:00etan, Eltzia barrutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Bisita gidatua egingo dute gelaz gela –hasiera sarrera nagusiko eskaileretan izango da –. Jardunaldia borobiltzeko, bazkaria egingo dute Topagunean. Tabernaren ardura hartu dutenek izango dute menua prestatzeko ardura –100 bat lagunendako–. Bazkariaren ondoren, bertsolariek kantatuko dute, eta gero, Herrixa Dantzan folk dantzaldia egingo dute, 17:00etan. Gidatutako dantzaldi ludikoa izango da, tradiziozko dantza eta musika oinarri hartuta. Herritarrek dantzan elkarrekin ondo pasatzea izango da helburua; sarrera doan izango da eta parte-hartzea librea –eltzekideak eta herritarrak daude gonbidatuta–.

Bost urteko ibilbidea

2013ko urte amaieran hasi zen Eltzia gorpuzten. Urte amaieran eta 2014 urte hasieran sartu ziren lehenengo elkarteak ETEO zaharreko eraikinera lanera. Udalaren asmoa sormenaren etxea gauzatzea izan da: komunitatetik sortua eta komunitatearentzat izatea helburu duena. Herrian dauden kultur eta gizarte taldeak leku berean egonda elkarren arteko harremanak sustatzeko bide ematen du; modu horretan, sinergiak eta elkarlana sortuz.

2016-2017 bitartean eraikin zaharra eraberritu egin zuten; Eltzia osatzen duten elkarteen beharrak hobeto aseko dituen proiektua landu zuen Izaskun Legaristi arkitektoak. 2018ko maiatzean, aldiz, eraikinari beste itxura bat eman diote: Arte Y Muralismo enpresak margotu du eraikina.

Taberna abenduan inauguratuko dute

Oraindik guztiz prestatu barik dute taberna –abenduaren 1ean egingo dute inaugurazioa–. Hala ere, konpromisoa hartu dute aste bukaera honetan ateak zabaldu eta zerbitzua eskaintzeko. Gaur arratsaldean, aukera egongo da taberna barrutik ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak