Xerpa gazteak agurtu dituzte gaur 'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere' egitasmoko kideek

 'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere' egitasmoko kideek 5.400 metro dituen Lenjo La mendatea zeharkatu dute azken egunotan "eguraldi ederra lagun". Handik iritsitako berriek diote gustura dabiltzala Himalaia aldean.

"Orain dela hiru egun gurutzatu genuen Lenjo La, eguraldi ederra lagun. Eta altuera horretan ospatu genuen Besaide Astobizaren 18. urtebetetzea", jakinarazi du Felipe Uriartek, egitasmoaren bultzatzaileak.

Azken gaua Arxo Thamo herrian pasatu dute; hain zuzen ere xerpa gazteekin pasatutako azken gaua izan da: "Gaur goizean agurtu ditugu Thamon; guztiok hunkitu gara".

Gaur Luklara iritsiko dira, eta bihar, Lukla eta Katmandu arteko hegaldia egingo dute "zorterik izanez gero".