Etorkizuneko Oñati, herritarren parte-hartzearekin eraiki gura du Udalak

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ira. 12a, 14:07

Oñatiko Udaletik hasiak dira Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzeko prozesuan; iazko urrian egin zuten girotze lana, eta orain dei egin diete herritar guztiei prozesuan modu aktiboan parte hartzera. Herritarrei prozesua aurkeztu eta lehen ekarpenak jasotzeko aurrez aurreko lehenengo saioa hilaren 24an izango da 18:30ean Euskaldun Berrien Gelan.

Dagoeneko abian da Oñatiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesua. Hiruzpalau urte iraungo dituela aurreikusten dute, baina gutxienez hamar urte barrurako planteamenduak jasoko dira bertan. Etorkizuneko Oñati, denon artean eraikitzea nahi dute Udaletik.

Bost fase izango ditu idazketa prozesuak eta lehenengoan daude orain; diagnostikoan. Bestelako gaiekin egiten den moduan, herriaren egungo egoeraren analisia egingo da. Horretarako, alde batetik, Sabai arkitektoak enpresa kontratatu dute eta horiek hainbat diziplinetako adituak dituzte.

Bestetik, 25 herritarrek osatutako Aholku Kontseilua sortu zuten legealdi hasieran. Izan ere, legez edozein hirigintza aldaketa arau dagoenean, Aholku Kontseilua batu egin behar da bere diktamena emateko. Eta hain justu ere, Aholku Kontseilu horretara, herritarrekin egingo dituzten parte-hartze ekimenetatik jasotako proposamenak iritsiko dira.

Herritarren parte-hartzea

Oñatiarrek aukera izango dute hilaren 24an 18:30ean Euskaldun Berrien Gelan egingo den saioan parte hartzeko. Eta urriaren 17an 18an ere goiz eta arratsaldez Foruen Enparantzan parte-hartzeko karpa irekia ere jarriko dute.

Bost fase izango ditu guztira prozesuak –diagnostikoa, aurrerakina, hasierako onespena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena–, baina Udaletik azpimarratu dute hasieratik jaso nahi dituztela herritarren iritziak eta parte hartzera animatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak