Berdintasun Kontseilua eratzeko, parte-hartze prozesua abiatu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko eka. 26a, 14:11

Pasa dira urte batzuk Udalean Berdintasun Saila sortu zenetik, eta ordutik hainbat ekimen, proiektu eta programa eskaini zaizkie herritarrei. Orain, uste dute iritsi dela momentua horiek diseinatzeko eta hausnartzeko talde bat sortzekoa eta parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan. Lehen saio irekia zapatuan 10:30ean Eltzian egingo dute.

Oñatiko Udaletik Berdintasun Kontseilu bat sortu nahi dute, eta horretarako, prozesu parte-hartzaile bat diseinatu dute.

Zapatuan, lehenengo saioa

Parte-hartze prozesuaren lehenengo geltokia zapatu honetan bertan izango da, ekainaren 30ean, Eltzian 10:30ean. Saio irekia izango da eta helburua da beste herri batzuetako esperientziak ezagutzea. Hernani, Azpeitia edota Errenteriakoak ezagutzeko aukera izango da.

Beste hiru saio, udazkenean

Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ostean, udazkenean, hau da, irailean, azaroan eta urrian, beste hiru saio egingo dituzte. Prozesua dinamizatzen ari den Emun Aholkularitzako Olatz Irizarrek azaldu du, asmoa dutela hiru saio horietan gai hauek lantzekoa: "Lehenengoan, kontseiluaren oinarria finkatuko dugu; diagnostiko partekatu bat egingo dugu parte hartuko duten guztien artean, lankidetzak sortuko ditugu, eta saiatuko gara kontseilu horren helburuak, funtzioak, partaideak... erabakitzen. Bigarren saioan, funtzionamendua irudikatzen saiatuko gara; eragin-ahalmena, maiztasuna, gaiak... Eta hirugarrenean, bukaera emateko, saiatuko gara kontseiluaren proiektua bera definitzen".

Herritarren parte-hartzea

Kontseiluaren sorrera "emakumeendako ahalduntze ariketa bat" izateko asmoz sortu dela ere azaldu dute aurkezpenean, eta parte-hartzaileei dagokienez, "anitza" izatea nahi dute. Beraz, "berdinzale" guztiak animatu dituzte saioetan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak