Himalaiara espedizioa, euskara eta mendizaletasuna oinarri hartuta

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 16a, 11:52
Amaia Ugarte, Malen Osa, Igor Mugarza eta Maddi Oyhagaray. Argazkia: Edurne Retegi.

Felipe Uriarte mendi gidari oñatiarrak bultzatuta, Oxigenoa Euskarari 6.000 metroan ere ekimena sortu dute; Euskal Herriko 15 gaztek espedizio bat egingo dute Himalaiara eta Gipuzkoako ordezkariak Txantxiku Ikastolako ikasleak izango dira.

Felipe Uriartek eta Mendiak eta Herriak elkarteak eramango dute proiektua aurrera. "Khumjunz herrian xerpa batekin hitz egiten ari nintzela bururatu zitzaidan ideia", dio proiektuaren sustatzaile Uriartek. Helburua "saretze lan" bat izango da, "mendizaletasuna eta euskara ardatz hartuta, herrien arteko elkartasuna bultzatzea, hizkuntza gutxituei babesa ematea, ikasleen autogestioa eta euskara munduan zabaltzea".

Egitasmo hau gauzatzeko, Euskal Herriko zazpi probintziatako 15 gazte eta 10 xerpa gazte harremanetan jarriko dira, Everesten inguruko trekkinga egiteko. Gipuzkoako ordezkariak Txantxiku Ikastolako 15-17 urte bitarteko lau ikasle izango dira. Espedizioa udazkenean egingo duten arren, lanean ari dira dagoeneko. Amaia Ugarte, Malen Osa, Igor Mugarza eta Maddi Oyhagaray dira lau ikasleak, nahiz eta, seguruenik, guztiek ez duten joateko aukerarik izango, plazak mugatuak baitira.

Hainbat alor landuko dituzte: finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, espedizioaren irudia gizarteratzea, komunikazioa eta hizkuntzaren alorra.

Xerpa gazteekin komunikazio gehiena ingelesez izango bada ere, euskara eta xerpa hizkuntza ere baliatuko dituzte gazteek elkar komunikatzeko. Horretarako, gutxienez euskarazko 50 hitz eta xerpa hizkuntzako beste 50 hitzekin elkar trukatuko dituzte espediziokide guztiek.

Mendi zeharkaldia Khumbu eskualdean, Everest, Lhotse, Makalu eta Cho Oyu gailurren inguruan izango da, Imja, Khumbu, Gokyo eta Thame bailaratan. 6.000 metroko bi gailur aurreikusi dituzte: Imja Tse (6.187 m) eta Lobuje Ri (6.119 m) eta 5.000 metroko beste hainbat: Chukung Ri (5.550 m), Kala Patar (5.545 m), Gokyo Ri (5.460 m), Kouma La (5.535 m), Tso La (5.420 m), Lenjo La (5.350 m).

Imja Tse, igotzea aurreikusten dutenetako bat.

Lehen hitzordua, bihar

Espedizioaren lehenengo hitzordu nagusia bihar, zapatua, izango da. Arantzazuko aterpetxean batuko dira zazpi probintzietako ordezkariak, 19:00etan, orain arte egindako lanaz informatu, eta aurrera begira egin beharrekoa erabakitzeko. Elkarrekin afaldu ostean, domekan mendi ibilaldi bat egingo dute guztiek. Ondoren, probintzia guztietan topaketak egingo dituzte, egindako lanari jarraipena egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak