Fagor Industrialek aurrera egiteko beste pauso bat eman du Urdulizi irabazita

Mirari Altube Arrese 2018ko urt. 13a, 21:10

Sailkapenean atzetik zetorkion Urduliz hartu du mendean 33 eta 25 Fagor Industrialek gaur, Zubikoan. Emaitzak adierazten duena baino gehiago kostatu zaie oñatiarrei aurrera egitea, atsedenaldira atzetik iritsi baitira. Bigarren zatian, ostera, guztia eman eta erosoago jardun dute.

Partidu garrantzitsua zuen Fagor Industrialek aurrez aurre, puntu bakarrera zeukan Urduliz zetorkiolako etxera. Eta ez dute hutsik egin. Indarrak erabat parekatuta izan dira lehenengo zatian. Urduliz talde oso lehiakorra da eta sailkapen buruan ibiltzen ikasitakoa; hala, lehenengo zati polita egin du. Etxekoek, ostera, gorabeheratsu jardun dute: "Denboraldi honetan gertatzen zaiguna da. Fuerte hasi gara baina eurek harrapatu egin gaituzte", adierazi du Ander Varela Crespo jokalariak. Hori horrela, aurretik hasi arren 20. minutuan berdindu (10-10) eta atsedenaldira atzetik joan dira oñatiarrak (14-15).

Bigarren zatian eroso

Bigarren zatian dena ematera atera dira etxekoak. "Gure garra atera dugu. Guztiok egin dugu aurrera, batez ere atzean gogor eginda, defentsa sendoa sortuta". Urdulizek, ostera, behera egin du poliki-poliki –aldaketak egiteko jende gutxi ere bazuen– eta orduan aprobetxatu dute oñatiarrek golak egiteko: "Kontraeraso samurrak etorri dira, gol samurrak eta aurrera egin dugu". Bukaeran, zortzi goleko aldearekin nagusitu da Fagor Industrial.

Eta aurrera begira jarri da Varela: "Sailkapenari begiratu gabe, iazko denboraldiari begiratu gabe, partiduz partidu joan irabazten, dena eman".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak