Bertakotasuna zabaldu gura du Oñatiko Turismo Bulegoak

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 30a, 12:46
Herriko ekoizleek egindako produktuak egon ziren luntxean.

Oñatiko ekonomiaren %10a turismotik dator. 2016ko datuen arabera, urtebetean bi milioi euro inguru utzi du sektore horrek herrian. Bisitariak herriko ekoizleekin harremanetan jartzeko bideak lantzea da aurrera begira duten erronketako bat.

Turismoarekin lotura duten herriko agente ezberdinak zeuden gonbidatuta Turismo Bulegoaren 15. urteurreneko ospakizun ekitaldira eta poliki poliki bulegoa betetzen joan zen eguazten iluntzean. "Turismoak Oñatin duen pisua euren lanagatik ere badelako, eskerrak emateko ekitaldia izan da", zioen Ikerne Altubek amaieran.

Garrantzia

Hantxe ziren, adibidez, Natura Eskolako langileak, Artixa elkarteko kideak, herriko hainbat dendari, Arantzazu Gaur fundazioko ordezkariak, Nazioarteko Soziologia Institutukoak, landetxe eta ostatuetako jabeak, herriko argazkilari eta ilustratzaileak eta baita EAJ zein EH Bildu alderdietako udal zinegotziak, egun Turismo Bulegoan eta Arrikrutz kobetan gidari lanetan ari diren Oinatour kooperatibako langileez gain. Oier Yaniz gaztea ere gonbidatuen artean zegoen. Hark egindako bideoarekin hasi zuten ekitaldia.

Duela 27 urte zabaldu zuten lehen Turismo Bulegoa Oñatin, Foruen plazan, eta harrez gero turismoak herrian izandako gorakada handia izan dela aipatu zuen Ikerne Altubek. "25 urtetan 52.792 oñatiarrek erabili dituzte Oñatiko Turismo Bulegoko zerbitzuak eta Oñatitik kanpoko 327.276 bisitarik".

Turismoaren pisua gero eta handiagoa da Oñatin eta horren jakitun da Oñatiko Udala ere. 2016ko datuen arabera, urtebetean bi miloi euro inguru uzten du turismoak, enpresetatik datorren jendea zein oporretara datorrena hartuta. "Industria herria da Oñati baina herriko ekonomiaren %10a turismotik dator eta hori oso esanguratsua da", azaldu zuen eguazteneko ekitaldian Ana Martinek, sozioekonomia zinegotziak.

Bertako produktuak eta bertako nortasuna indartu eta zabaldu gura dutela ere gaineratu zuen Martinek eta horrek bat egiten du Turismo Bulegoak dituen erronka berriekin: herriko produktuen erakusleiho izan eta egile eta turisten arteko harremana indartu eta erreserba bateratuak eskaintzeko plataforma sortu sarean.

Herriko gazta, txakoliña, txokolatea, ogia, bizkotxo eta madalenak egon ziren luntxean.

Egitaraua

Hamabosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldi asko egingo dituzte abenduan eta urtarrila hasiera bitartean. Hauxe da egitaraua

  • Abenduak 2. Dolos eta Karmenekin Oñati ezagutzen. Turismo Bulegoa. Doan. 12:00etan.
  • Abenduak 6-10. Oñatiko altxorrak. Turismo Bulegoa. 4 euro. 13:00etan eta 17:00etan.
  • Abenduak 8. Ignaziotar lurraldea gauez. Turismo Bulegoa. 3 euro. 18:00etan.
  • Abenduak 17. Errota martxan, labea bero-bero. Turismo Bulegoa. 3 euro. 10:00etan.
  • Abenduak 23 eta 30. Espeleotxiki. Arrikrutz-Oñati kobak. 10:00etan. 15 euro.
  • Abenduak 23. Kandelen gaua. Sancti Spiritus unibertsitatea. 18:00etatik 20:00etara. Doan.
  • Abenduak 29. Saguzarrak, gure ezkutuko lagunak. Arrikrutz-Oñati kobak. 10:00etan. 4 euro.
  • Urtarrilak 5. Armarri artean jolasten.Turismo Bulegoan. 11:00etan. Doan.

Izena aurrez eman behar da: turismo@onati.eus edo arrikrutz@onati.eus.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak