Hurretik: Herria eta ondarea hobeto ezagutzeko bidea

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 17a, 07:34
Udaleko hezkuntza saila, hiru ikastetxeak eta Topagunea ari dira elkarlanean egitasmo honetan. (Argazkia: Kontzejupetik)
Oñatiko ondarea transmititu gura duen proiektua da Hurretik eta orain arte prestatutako ikasmateriala LH1eko eta LH2ko ikasleen eskura jarriko bada ere, tertulia saioak ere egingo dira herritar orok bere ekarpena egin dezan. Jasotako materiala euskarri digitalean ere jarriko dute, sarean dagoen blog batean.
Herriko ondarea batzen, jasotzen, ari dira transmisioan ez galtzeko. Material guztia ia prest dute, oso aurreratuta dago lan hori, eta datorren ikasturtean, eskuragarri izango dute LH1eko eta LH2ko ikasleek herriko ikastetxeetan. "Oñati non kokatuta dagoen, ondoko herriak zeintzuk diren, ze mendi dauden hemen edo zein errekak zeharkatzen duen erakusten zaie umeei ikastetxeetan. Lan hori egiten da. Gainera, Natura Eskolako eta Turismo Bulegoko irteerak ere egiten dira eta hor ere jasotzen dugu herriari buruzko informazioa. Baina harago joan gura dugu proiektu honekin. Hau da, ze ohitura zeuden, ze kantu, ze pertsonaia edo ze pasarte historiko, adibidez. Hori jasotzea eta hori zabaltzea da gura Hurretik
egitasmoarekin", azaldu du hezkuntza zinegotziak, Nerea Zubiak.
 
Udalaz gain, herriko hiru ikastetxeak eta Topagunea ari dira proiektua gauzatzen. Eta lan talde horrek adostuko du ikasmaterialaren edukia eta hartu behar duen forma. Horretan ibiliko dira, Topagunearen ardurapean, Josu Zubia, material didaktikoari forma ematen, eta Mirari Sagarzazu, ilustratzen.

Tertulia saioak

Ikasmaterial hau 2018-2019 ikasturterako prest egongo da eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetako irakasleek ikusiko dute euren ikasgaietan nola txertatu. "Maila horietan hasiko gara eta gero ikusi beharko dugu beste mailetako ikasleendako ere prestatuko den", dio Zubiak. Baina Hurretik egitasmoa ez da bakarrik ikastetxeetara mugatuko. Gainerako herritarrengana ere iritsi gura du eta hori herri eragileen bitartez egingo dute tertulia saioak antolatuz.
 
"Urtarriletik martxora bitartean izango da hori. Denok ditugu ekarpenak egiteko proiektu honi eta horixe jasotzea da asmoa", esan du hezkuntza zinegotziak. Ikus entzunezko bat ere prestatuko dute.

Interneten

Ikasmaterial guztia sarean ere jarriko dute, edozein momentutan kontsultatu ahal izateko moduan. "Blog batean sartuko dugu jasotako material guztia eta hortxe egongo da, herritar guztien eskura. Modu horretan, gainera, audioak sartzeko modua ere izango dugu, kantuak, esaterako. Gainera, etengabe elikatzen joango da. Informazioa gehitu ahal zaio edozein momentutan eta osatzen eta aberasten joango da bloga", azaldu du Nerea Zubiak. Bloga irailean jarriko dute ikusteko moduan, ikasturte hasieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak