Joxe Mari Usatorreri

Erabiltzailearen aurpegia

Kaixo, Joxe Mari. Hire heriotzaren berri jakin dugunean, unetxo batez, mundua geratu bezala egin duk. Eskerrak berriro betiko martxari heldu dion! Bai; Joxe Mari Usatorrek bat-batean bezala utzi gaitu. Gero arte ere esan barik joan zaigu.

Beretzat leku gutxi behar zuen horietakoa izan da, baina ez daki zer-nolako hutsunea utzi duen gure artean. 

Arrasatearra jaiotzez eta bihotzez. Txaetako Matromain, bizilekua eta atsedena. Etxeko hormak ferekatuz igarotzen den Urkulu errekarekin xuxurlaka...

Nerabezaroko keinuak soinean zeramatzan mutiko apala. Nekaezina, akiduran ere. Zenbat itzuli munduari! Lanari ez dio beldurrik izan. Denbora galtzeko astirik ez, nonbait.

Bere garaiari, bere gizarteari begira, kooperatibismoa, udalgintza, konpromiso politikoa izan ditu lan esparru, diskrezioz, ospetsu izateari ihesi.

Zorrotz, baina lagun abegitsuaren irribarrea galdu gabe. Handiekin, aurrez aurre; auzokoekin elkar hartuz.

Ametsei jarraiki, errealitatearen gordintasunaz jabetuz, azkenean, beti baietz esanez amaitzen zuena.

Oinak lurrean eta burua lanean, ehuneko ehunean. Ilusioak astinduz, soluzioak prestatzen saiatu dena. Ingeniari zela ezin disimulatuz, beti irtenbideen bila.

Ekologia praktikarekin predikatu digu. Natura maite zuen; huraxe izan da bere habitata. Indio deitzen genion eta deituko diogu berarekin gogoratzean.

Hire adiskidantzaren oroimena gugan gera bedi Urkulu errekak xuxurlaka dirauen artean, behintzat.

----------

Xabier Zubizarreta eta Ino Galparsoro

Haren kide izandako guztien izenean

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.