Aintzane Oiarbideri: proiektu sostengarrien alde

Erabiltzailearen aurpegia

Merkatuek inposatu diguten buffet librea-k natura suntsitzera, balio-krisira eta zementuaren diktadura honetara ekarri gaitu, Oiarbide anderea.

Enpresa publiko-pribatu batzuek dirulaguntzak eta irabaziak izango dituzte, guztiona den ondare naturala suntsituz, baina honek gure inguruko ekosistema eta osasuna kolpatuko du, indefentsioan, sumisioan eta desinformaturik gauden herritarrak kontuan hartu eta hauek babesteko neurri, protokolo edo konpetentziarik hartzen ez dituzuela.

Iraunkortasunean oinarritzen den norabide bat hartu behar da, eta ez hitz hutsak, ezta betetzen ez diren promesak.

Zaldibarko zabortegiarena arazo larria da; seguru gaude euskal y-ak zeharkatzen dituen herri gehienetan errepikatu daitekeela.

Debagoienean, bederen Antzuolan, urteak dabiltza errepide mozketekin, eta orain, autobidean ordainsaria jarriko dute… Bergaran, Angiozarren hasi dituzte euskal y-a osatzeko tunelak eta zabortegiak egiten, kamioien garraioa… Gatzagako eta Arlabango errepideak oso egoera txarrean daude… Arrasaten, Kanpazar harrobia barne meategi bihurtzeko bi kilometroko zulaketak egiten ari dira, errekan eta lurrean dituen eragin negatiboak oso nabariak direla. Elorrion, Bostiturrieta eta Abola errekak sikatu dituzte… Aramaion, euskal y-aren makroestrukturan 10 kilometroko bitubo tunelak egin dituzte biotopo babestuan, Elgeta inguruko pinuen azidifikazio-arazoa…

Ongizatearen eta tolerantziaren defendatzaile bazara, Baskongaden gobernuko parte, ez infantilizatu herritarrak zure artikuluekin.

Proiektu asko arriskutsuak dira osasunarendako: Zubietako erraustegiaren CO2 eta metano emisioak, fracking-a, 5G antenak… Herriaren zati bat seduzituko duzue –Nafarroa barne–, baina besteak ez du Aberria baztertuko.

Hurrengo belaunaldiei utziko diegun herentziari buruz hausnartze lan sakona egin behar dugu. Arazo handiei irteera orekatuak eta naturarekiko errespetagarriak emateko, balioak eta printzipioak behar dira, zuk ez dituzunak.

Segurtasun eta ardurarik gabe egiten dituzue lan ugari, eta honen aurrean herritarrok defendatuko gaituen plan integral bat behar da, naturak ez baitu hipokrisiaz ulertzen.

----------

Xabi Mondragon Etxaniz

Udalaitz Bizirik taldearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.