"Joño! Hi be hemen?"

Erabiltzailearen aurpegia

Agintariek eta hedabideek polizia bihurtu gaituzten aro honetan –askok barnean eramango genuen–, harrituta edo txundituta utzi nauten hainbat jokaera ikusi ditut:

Hasieran gure mugikorretan edukitako bideo, GIF, argazki, informazio amaiezin eta iragazi ezinak.

Teknologia berrien bidez bilkurak, formakuntzak, klaseak... edozer egiteko dugun gaitasunak.

AZ Gaubelak-ek, herri oso bat zapatuero motibatuta izateko izan duen kapazitateagatik.

Herrian zenbat txakur dagoen ikusteak.

Osasun munduan lanean dabiltzan langileek lanerako izan duten energia agorrezin horrek.

Inongo berririk gabe senide edo lagun minak erietxean izan dituzten horiek.

Arrabol gainean Iberdrolak berak baino watt gehiago sortu ditugun zorook.

20:00etako txalo zaparradan, nire auzoan bizi zirenak bertan bizi zirela ez jakiteak.

Haurrek edozertara moldatzeko duten gaitasunak.

Jendeak duen imajinazio amaigabeak.

Komuneko paperaren misterioak. Ulertu ezinik nabil oraindik.

Ondokoaren arau-hausteak ikusteko ditugun begiek, baina norberak eginikoen garrantzi kentzeak.

Bi metro zer diren dugun kontzeptu ezberdinak.

Geure burua kontraesanetan jartzeko dugun gaitasunak.

Maite ditugunak fisikoki ez ikusteak sortzen duen inpotentziak.

Une zailenetan ere umorea ateratzeko dugun gaitasun horrek, baita ezerezetik txarrena ateratzeko dugun gaitasun horrek.

Hain komuna izan beharra daukan zentzu ez-komun horrek.

Baina ni, mendira edo aske antzean ibiltzeko aukera eman ziguten lehenengo egunarekin geratzen naiz; hainbeste desiratzen genuen paraje hori ikustetik, sentitzeko aukera eman ziguten egun horrekin. Aspaldi ikusi gabeko aurpegi batek sorrarazten duen irribarre natural hori. Bai, irribarre natural eta erraldoi horrekin geratzen naiz: "Joño! Hi be hemen?".

Zer gutxi behar duen izakiak, benetan baloratu beharreko gauza txiki horiek kentzen dizkigutenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.