3.882

Erabiltzailearen aurpegia

Mmmmmmm, zenbaki polita! Edo ez. Jaiotza-data ote? Ez. Autoko matrikula? Ezta ere. Preso baten zenbakia? Agian. Kreditu txartelaren pasahitza? Ez, bat sobera. Badakit, Gabonetako loteriako zenbaki bat? Izan daiteke, bero zabiltza. Kontuan izan zenbakia, bukaeran jakingo dugu-eta zein den bere benetako esanahia.

Bai, Gabonetako loteriaren garaian gaude, oraintxe gabiltza gehienok zoratzen. Ez dugu ondoan ditugun zenbaki gabe geratu nahi. Ondokoari tokatu eta niri ez? Baita zera ere!

Kirol elkarteko zenbakia hartuta daukat, gosaltzen dudan tabernakoa ere bai, lagunekin erdi bana daukadana poltsikoan, oporretan egondakoa ere kaxan, lehengusuekin hartzen duguna ere prest, amamak urtero oparitzen didana ere ezin ahaztu eta lantokikoa, nola ez!

Zenbakiak zenbaki eta zoriak zori. Lagun min batek urtero esaten dit: "Urtzi, neuk, loterixan ez juat sekula jokatzen". Uste dut gaur konturatuko dela, nahi gabe bada ere, une oro jokatzen duela loteria erraldoi baten. Nik diodan loteria hau Gabonetakoaren oso tankerakoa da; honek ere bi bonbo ditu, batean 7.450 milioi zenbaki daude, gizaki guztienak. Gabonetakoan saria izan dezaketen zenbakiak bezalaxe. Beste bonboan, aldiz, munduan egon daitezkeen gaitz guztiak daude, izurriteak, gerrateak, gaixotasunak… burura etor daitezkeen gaitz guztiak.

Gabonetakoan sariak daude. Gabonetako sarietan tokatzeko probabilitate aukera hartutako zenbakien araberakoa da.

Bestean, aldiz, jaiotako lekuak, eramandako bizimoduak, genetikak eta beste hainbat baldintzak areagotzen dute probabilitatea.

Batean, norberak erabakitzen du partaidetza.

Bestean... bai edo bai zenbakitxoa edukiko duzu bonbo barruan.

Goian dagoen zenbakia 2017an Gipuzkoan erregistratutako minbizi kopurua da: 3.882, hain zuzen ere. Beraz, gozatu une oro ondokoekin eta norberaren buruarekin. Inoiz ez dugu-eta jakingo noiz, nori, zein bonbotako zenbakitxoa tokatuko zaigun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.