Txaketeroa!

Erabiltzailearen aurpegia

Txaketeroa, urteetan zehar, askotan entzun dudan hitza. Gaur, hitz horren esanahia azaltzen saiatuko naiz; betiere, nire ikuspegitik, noski.

Orain dela gutxi –eta oraindik puri-purian dago gaia–, bere betiko taldetik kontrako taldera joan den jokalaria. Denetik entzun beharra izan du, iritziak milaka.

Futbolak asko eman ditu horrelakoak.

Futbolak ez ezik, beste kirol guztietan ere horrelakoak gertatzen dira: txirrindularitzan, saskibaloian, eskubaloian… kirol guztietan. Baina, hara! Futbolean gertatzen diren talde aldaketek min handiagoa ematen dutela dirudi.

Beti erlazionatu izan dugu txaketero hitza kirolarekin, baina, nire ustez, askoz gehiago batzen du hitz horrek: badira herrialdez aldatu direnak Olinpiar Jokoetan dominak irabazteko; badira, aldiro, botoa talde politiko ezberdinei ematen dietenak; badira politikan ezkerretik eskuinera aldatzen direnak, eta alderantziz; badira gerrateetan bandoz aldatzen direnak; badira diskurtsoa aldatzen duten nutrizionistak, prestatzaile fisikoak, irakasleak, agintariak, harakinak, arotzak, iturginak, fraideak, eta abar, eta abar. Ogibide guztiak.

Argi dago txaketero izateak aldaketa dakarrela. Norberaren bizitza maila hoberantz aldatzeko hartzen den erabakia dela uste dut, idealak alde batera utziz.

Beraz, arrazoi horiengatik aldaketa egin duena, bai, txaketeroa da.

Baina ez naiz orain txaketeroak kritikatzen hasiko, ni neu ere goian idatzitako kasuren batean pixka bat identifikatua sentitzen naiz eta.

Guztiz kontrakoa, txalo zaparrada eskaini nahi diet tentazioei aurre egin eta haizea kontran izan arren aurrera egin duten eta txaketero bihurtu ez diren horiei guztiei.

Txaketeroa denborak, historiak, ahaztu egingo du.

Fidela, idealen defendatzailea, burugogorra, betiko geratuko da, historian edo bertan geratzen direnen buruetan.

Biba zuek!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.