"¡Árbitro, cabrón!"

Erabiltzailearen aurpegia

Zorionez, edo tamalez, urte asko egin ditut futbolaren munduan; oraindik ere, beste era batean, baina mundu honetan jarraitzen dut. Bai, futbolaren mundu honetan, bai, errealitatetik at dagoen mundua baita kasu gehienetan.

Atezain, jokalari, entrenatzaile, marrazain, epaile, zelaiko delegatu, elkarte bateko arduradun, jarraitzaile, laguntzaile… uste dut futbola ia ikuspegi guztietatik bizi izan eta ikusi dudala. 

Ez naiz futbolari edo futbolero sutsua izan. 

Futbolean jolastea eta jokatzea asko gustatu izan zait eta ikustea ere atsegin dut, baina bizipen horiek muturrera inoiz eraman gabe.

Ez dut ezer berririk kontatuko, baina denborarekin entzundako hainbat eta hainbat esaldiren esanahia azaldu nahiko nuke, betiere, nire subjektibotasunetik, pertsona bakoitzak bere ulertzeko modua dauka eta:

"¡Eres un paquete!"; edonork edonori esandakoa, normalean, nork bere frustrazio edo gabeziak ezkutatzeko edo babesteko.

"¡Esa la meto hasta yo!"; jokalari ohiek sarri erabilitakoa, baita inoiz jokatu ez dutenek ere. Ziurrenik, ez ziren jokalari apartak izango…

"Galdu egin dogu, baina nik ondo jolastu dot"; talde-lanaren esanahia ahaztuta dauka. Garrantzitsuena bera da.

"Eske arbitrua gure kontra zauen"; eskusa bila dabil, irabazteko edozer egiteko gai da. Errua, beti, besteena da.

"Para ser chicas, juegan bien, ¿no?"; parekotasun edo berdintasun hitzen esanahiak ez dakizki.

"¡Árbitro, cabrón!"; esaldi guztien erregina. Orokorrean, biraoa aldatuz joaten da. Barneko amorrazioa deskargatzeko eta norberaren txarrena ateratzeko erabiltzen da.

Nik ere, noizbait, erabili izan ditut esaldiok. Gaur egun, berriz, ez. 

Talde kirol aparta eta balio itzelak ditu futbolak, baina inguruak nazkagarri bihurrarazi dezake momentu motz baten. Geu gara futbola aparta edo nazkagarri bihur genezakeen faktore printzipala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.