Aitte

Erabiltzailearen aurpegia
Bihar beteko ditu urteak aitak, 66. Gertakari honekin batera hainbat eta hainbat oroitzapen etorri zaizkit burura; hunkigarriak gehienak, guztiak ez esatearren.

Jaio nintzenean zure bularraren kontra estutu eta ferekatu ninduzun. Ez nintzen konturatzen.

Hainbat mendi tontor igo genituen familian, askotan eskutik helduta, zuk emandako segurtasunak edozein malkar igotzeko kemena ematen baitzuen. Ez nintzen konturatzen.

Umetan bihurri samarra nentorren, emandako ipurdikoak gutxi ziren, gehiago merezi nituen. Ez nintzen konturatzen.

Baserrian eta oporretan pasatakoak ahaztezinak izan ziren. Ez nintzen konturatzen

Jokatzen eta parte hartzen nuen partiduetara etortzen zinen. Ondo egitean, handiusteak kentzen zenizkidan eta gaizki eginei inportantzia kentzen zenien. Ez nintzen konturatzen.

Larrialdietan ere beti hor zinen, errieta zein lasaitasuna adierazten zenuen. Ez nintzen konturatzen.

Hainbeste eman eta kendu zidan kirola utzi nuenean, han zinen; nire malkoak zure bihurtu zenituen. Ez nintzen konturatzen.

Ezkontza-egunean eta semeak jaio zirenean ere han zinen, bion aurpegiak harrotasunez bete ziren. Ez nintzen konturatzen.

Gaixotasuna etorri zenean, gizontasunez hartu zenuen, irmo, sendo. Eredua ematen segitzen zenuen. Ez nintzen konturatzen.

Bukaeran, lagunengana joaten ginen autoan batera; batzuetan, isiltasunak hartzen gintuen, ez zen hitzen beharrik izaten, dena esanda zegoen. Ez nintzen konturatzen.

Azken hatsa ez zen bertsorik sakonena izan, baina lau haizetara zabaldu zen. Ez nintzen konturatzen. 

Orain ni ere aita naiz eta inoiz baino gehiago sentitzen dut aita naizela. Ez zaude gure ondoan. Joan zinen. Orain bai, aita, orain bai, konturatzen naiz. Zorionak eta eskerrik asko Aitte! izanikoa, zarena eta izango zarelako. Egongo gare.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.