"Heriotzari aurre hartzea"

Erabiltzailearen aurpegia

Heriotzari aurre hartzea; hitz potoloak, izua, ikara eta errespetu itzela eragiten dutenak.

Inork ez daki noiz, nola eta non etorriko den. Behin baino gehiagotan etorriko da ate joka eta askotan atea zabaldu ez eta txiripaz edo jakintzaz aurre egin eta ate kanpoan geratuko da, baina zinez diot egunen batean igaroko duela. 

Gizakia gogorra bezain ahula da, eta, ahultasun horri aurre egiteko, denboraren poderioz bere bizi baldintzak hobetu eta luzatzeko hainbat tresna, elementu eta zerbitzu sortu ditu. Baina horren aurretik prebentzioa dago; hau da, segurtasun neurriak hartuta, gerta dakigukeenaren probabilitatea jaitsi ahal izango dugu. Denok dakigu munduko prebentzio guztiak hartu arren, bizitza ez dagoela gizabanakoaren eskuetan bakarrik, eta hortxe sartzen dira osasun zerbitzuak (mediku, erizain, laguntzaile...). 

Batzuetan ez da denborarik egoten eta adituen eskuetara iritsi aurretik erreakzionatu beharra egoten da, eta, lehen sorospenetako nozio minimo batzuk izanez gero, ingurukoen bizitza salbatzeko aukera izan dezakezu. 

Kasu mordoxka bat ezagutzen ditut, non, ezbehar bat gertatu eta ingurukoak egoeraren aurrean zer egin ez zekitela geratu diren, kiroldegi, lanleku, taberna, mendi, ikastola… Kasu batzuetan, mediku bat parean tokatuta ere ezin daiteke ezer egin, baina, beste askotan, lehen sorospenen nozio minimo batekin heriotzari aurre egin diezaiokegu.

Ez dut ulertzen hain garrantzitsua eta erraza den gai bat hezkuntza munduan adin jakin batetik aurrera derrigorrezko ikasgai bat bezala nola ez duten jartzen. 

Gogoan hartu lehen sorospeneko kurtso edo ezagupenekin ingurukoen bizitza salba dezakegula, baina norberari zerbait gertatu eta ingurukoek zer egin ez dakitela geratzen badira… 

Beraz, kontzientzia gaitezen, neuk bi urtean behin nire ezagupen minimo hauek birgogoratzen ditut; eta zuk?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.