"Zergatik ez desorduak?"

Erabiltzailearen aurpegia

Gauden garaietan, krisiaz edo hauteskundeez hitz egitea...

... litzateke normalena edo ohikoena, baina horretarako badaude hainbat eta hainbat idazle ni baino askoz hobeto espresatuko direnak; nik nahiago dut gizartearentzat ohikoak, egokiak edo normalak ez diren orduez berba egitea; hau da, desorduez.

Duela aste batzuk, ostegun baten, lagun bat ondoan nuela, errepideko bizikleta gainean nindoan eguerdiko ordu batean (nola ez, desorduetan). Eguraldia lagun genuela desorduez hasi ginen berriketan eta hainbat adibide etorri zitzaizkigun burura: badaudela eguerdietan bizikletan irten eta ia bazkaltzeko astirik gabe ibiltzen direnak berriz lanera bueltatzeko, goizeko 6etan korrika ibiltzen direnak, igerilekura goizeko 6 eta erdietarako joaten direnak, gaua ondo sartuta dagoenean ilargi betearekin korrika edo mendira oinez joaten direnak, gauez mendiko bizikletarekin frontala gainean dutela maldan behera ibiltzen direnak, gau osoan azken orduko azterketarako ikasten jarduten dutenak, gaueko orduetan baratzea erregatzen dutenak, lanetik etorri eta seme-alabak ohera joan ostean etxetik lanean jarraitzen dutenak, 4 edo 5 errelebotara dabiltzanak, eta honela, amaigabeko zerrenda bat burutu arte.

Azken batean, ohikoak ez diren orduak erabiltzen ditugu norbanakoaren ongizatera iristeko, ingurukoekin ohiko orduetan egoteko edo beste erremediorik ez dugulako.

Tamalez, badaude desordu batzuk ia inork erabiltzen ez dituenak eta sarriago erabili beharko genituzkeenak. Gure inguruan daudenei maite edo estimatzen ditugula adierazteko gizarteak finkatutako orduak erabiltzen dira (ohiko orduak), gaixotasun larri, bidaia luze, denbora luzez ikusiko elkar ikusiko ez dugunean eta batzuetan sentimenduak adierazteko beranduegi ere izaten direneko orduak.

Erabil ditzagun, bada, desorduak, hainbeste pentsatu eta esaten ez ditugun sentimenduak adierazteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.