"Txus Goikoetxea gose greban"

Erabiltzailearen aurpegia

Borrokaldia hastea erabaki dugularik, honetara bultzatu gaituen egoeraren berri...

... Euskal Herriari helaraztea da idazki honen helburua. 

Duela lau urte, espetxe honetara lehen euskal presoak ekarri gintuztenetik, beti isolamendu modulu berezian eduki gaituzte. 

Ez digute inolako aktibitaterik eskura jarri eta ondorioz lau orduko patioaldia baino ez dugu egunean, bertara hirunaka ateratzen gaituztelarik goiz edo arratsaldez. 

Honek, bi egunez behin, ziegan 26 ordu jarraian igaro beharra eragiten digu. 

Patiora irteterakoan metal detektagailutik igaroarazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten digute gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila igurztera helduz, aldioro tentsio uneak sortuz. 

Honek eragindako egoerarengatik 72. artikulu delakoa ezartzen digute sarri, artikulu honek sortzen duen inpunitate egoerak (kideengandik banatuak, bakartasun osoa, inkomunikazioa...) ondorio larriak ekarri dituelarik askotan. 

Mehatxu zein irainak, oheari eskuburdinekin lotuta bukatu eta baita jipoi bortitzak eragin ere. 

Kartzelarien aldetik sorturiko tentsioak eta ezuste egoerak jada bi preso politikoren jipoitzeak eragin dituzte. 

2010eko azaroaren 14an lehenengoa, Grapoko kide batek pairatutakoa eta 2013ko martxoaren 25ean bigarrena, Arkaitz Bellon euskal preso politikoak pairatutakoa. 

Aurrez aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkigute. 

Senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez aurrekora edo lokutorioetara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu ditugu.

Sendagilearen asteroko kontsulta ez zaigu bermatzen. 

Ezinezkoa zaigu noiz etorriko den jakitea eta ohikoa da bi edo hiru astez sendagilerik ez agertzea.

Hainbat kidek osasun arazo kronikoak dituztela kontuan hartuta, ezin larriagoa bilakatzen den egoera da hau. 

Egunero pairatzen ditugu eskubide urraketa zein gehiegikeria hauek guztiak, ezin uler daitezke espetxe honetako Segurtasuneko zuzendariordeak gertakari hauek babesteko, elikatzeko eta sustatzeko duen jarrerarik gabe. 

Gure aurkako probokazioa etengabea bilakatzen da eskubide urraketa hauen guztien bidez. 

Egoera bideratzeko helburuarekin hainbat aldiz espetxeko Z-rekin bildu izan gara, baina honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza. 

Epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere emaitza hutsalak izan dituzte.

Azkenean, borrokari ekitea baino ez zaigu geratu. 

Helburua bizitza duina eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea da. 

Honetarako, isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoaldiak etetea beharrezkoa izango da. 

Hauek dira gure oinarrizko aldarrikapenak euskal preso politikoen kolektibo osoarekin batera Euskal Herriratzen ez gaituzten bitartean. 

Dispertsioa bukatzea da honelako egoerak behin betiko amaitzeko modu bakarra. 

Borroka honetan gure herriaren babesa eta elkartasuna beharrezkoa izango dugulakoan gure borrokaldiarekin bat egitera deitzen zaituztegu, guztiok bat eginez lortuko baitugu. 

Beraz, bada garaia!

Euskal preso politikoak amnistiaren bidean Euskal Herrira!

--------------------

Txus Goikoetxea

(Sevilla II-ko preso politikoak)

Sevilla

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.